Politika -

KATALUNIA

Oriol Junqueras espetxean mantentzea erabaki du Auzitegi Gorenak

Atzera bota du defentsak aurkeztutako helegitea, Oriol Junquerasek leporatzen zaizkion delituak errepika ditzakeela argudiatuta.

Oriol Junqueras espetxean mantentzea erabaki du Auzitegi Gorenak

1:32

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Goreneko Apelazio aretoak atzera bota du Oriol Junqueras kargugabetutako Generalitateko presidenteordeak aske gelditzea eskatuz aurkeztu zuen helegitea. Beraz, ERCko diputatu hautatuak espetxean jarraitu beharko du.

Helegitea aztertu duten Miguel Colmenero, Alberto Jorge Barreiro eta Francisco Monterde Goreneko epaileek aho batez hartu dute erabakia, leporatzen zaizkion delituak errepikatzeko arriskua dagoela argudiatuta. Matxinada, sedizio eta dirua bidegabe erabiltzea egozten diote, besteak beste.

Honela, Pablo Llarena instrukzioa daraman epailearen irizpidea baieztatu dute hiru epaileek. Halaber, irizpide horrekin bat egin dute fiskalak eta auzian herri akusazio gisa parte hartzen ari den Vox alderdiak.

Junquerasek espetxean jarraitzeak bere hautesleen ordezkapen eskubideen gain izan dezakeen eraginen harira, autoak dio zenbait kargu politikoetan aritzeak ez duela zigorrik jaso gabe geldituko denik esan nahi.

Horrela, abenduaren 4an fidantzarik gabeko behin-behineko kartzela-zigorra ezarri zion autoaren aurkako errekurtsoa atzera bota dute.

Horretarako, Miguel Colmenero epailea txostengilea den beste auto bat aurkeztu dute. Horretan, Espainiaren zati baten independentzia politikoa babestea legezko aukera dela onartzen dute, baina jarrera hori deliturik egin gabe defendatu behar dela diote. Ildo horretan, sumarioan auzipetukoen harira, "ezin da preso politikoez hitz egin", esan dute.

Auzitegi Konstituzionalaren erabakien kontra, Junquerasek independentzia deklaratzeko plana burutu ote zuen ikertzen dutela dio autoak. Era berean, Espainiako Estatuaren, Konstituzioaren, Autonomia Estatutuaren eta gainerako ordenamendu juridikoaren kontra altxatu ote zen ikertzen dute.

Jokabide hori "egitate legitimoaren eta zuzenbidezko Estatu demokratikoaren aurka" egiten duela uste dute.

Autoaren arabera, Junquerasek independentziaren deklarazioa defendatu zuen eta Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak ez betetzeko erabateko asmoa erakutsi zuen. Halaber, independentzia aldarrikatu zuten besteekin batera herritarrak kalean elkartzera bultzatu zituen, Estatuak independentzia onartu zezan.

Junquerasek onartu zuen, beraz, "independentzia lortzeko liskarrak emango zirela", eta horixe izan zen, hain zuzen, gertatu zena.

Horren adibide, irailaren 20an eta 21ean izandako liskarrak aipatzen dituzte epaileek. Halaber, urriaren 1eko erreferendumean ere gertatutakoa azpimarratzen dute.

Azkenik, epaileen ustez, Junquerasek berak ez zuen liskarretan parte hartu, ezta horretarako aginduak ere eman, baina "independentziaren defentsa publikoaren bidez horretara bultzatu ditu herritarrak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken ordukoa Berriak Politika Auzitegi Gorena Alderdi politikoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak