Politika -
PSE-PP bilera
Datozen hilabeteetan burua hotz izatea eskatuko dio PPk lehendakariari
Antonio Basagoitiren esanetan, ETAk eta Batasunak bakea "benetan" nahi dutela erakusten badute, "hori horrela dela egiaztatu eta bermatu beharko dugu, besterik gabe. Beste guztia gauzak nahastea da".
Erredakzioa
Antonio Basagoitik gaur goizean adierazi duenez, "datozen hilabeteetan burua hotz izateko eta printzipio demokratikoei eusten jarraitzeko" eskatuko dio Patxi Lopez lehendakariari, ETA eta ezker abertzalea egiten ari diren mugimenduen harira. SER irrati-katean egindako elkarrizketa batean, Basagoitik nabarmendu du Euskadik urrats garrantzitsuak eman dituela terrorismoaren aurkako borrokan eta hori "ETArekin eta Batasunarekin zorrotzak izan garelako izan da posible". Horrenbestez, zorroztasun horrekin jarraitu behar dela esan du. Ostiral honetan Patxi Lopezekin izango duen batzarra lehendakariak gainerako alderdi politikoekin hasi duen bilera-sorta "diskretuen" baitan kokatzen dela zehaztu du. "ETAk nahasmena jarri du mahai gainean bere komunikatu eta bozeramaileen bidez, bakea nahi duela iradokiz; zenbait politikari joko horretan sartu dira; Zapateroren adierazpenek alarma piztu dute; baina hemen burua hotz izan behar dugu", azaldu du Basagoitik. PPko buruzagia ziur agertu da hemendik eta datozen hauteskundeak egin bitartean "adierazpen ugari" izango direla eta alde askoren "interesak" jokoan izango direla. Alabaina, agintariak "zuhurrak" izan behar direla eta "lasai" egon behar direla iritzi dio. "ETAren aurka irmo jarraitu behar dugu", erantsi du.
PPren buruzagiak gaineratu du “zalantzarik ez” duela datozen hilabeteetan, maiatzeko udal-hauteskundeetara arte, “adierazpen” asko egongo direla eta “interes gurutzatuak” egongo direla. Dena dela, gobernuburuek “lasai eta zentzudun” jokatu behar dutela iritzi dio, “ETAren kontra sendo” aritzeko beharraz “ohar daitezen”.
“Mugitu behar direnak ez dira demokratak, haiek dira beste zerbait nahi dutela egiaztatzeko frogak erakutsi behar dituztenak. Egiten badute, hala dela frogatu eta bermatu beharko dugu, besterik ez. Gainerako guztia nahaspilan sartzea izango litzateke”, Basagoitiren esanetan.
Batasunaren partehartzearen kontra
Batasuna “berrogeialdi” demokratikoan sartzeko proposamena defendatu du buruzagi popularrak “ETA beste trikimailu bat egiten ari dela saihesteko”.
Gainera, Batasuna maiatzeko hauteskundeetan egongo ez balitz, ETAk “ezingo du egoera gainditu eta behin betiko amaiera litzateke”.
“Ez dut esango zein den neurri zehatza, baina oso beharrezko ikusten dut ETAren gainbehera erabateko krisi bihurtzea hauteskundeetan parte hartzea galaraziz”, berretsi du Basagoitik.