Politika -

KATALUNIA

Biurrun: 'Inork eskatu ez diona ebatzi du Konstituzionalak'

Martin Aranburu, Artur Masen aholkulariaren esanetan, berriz, egoera bideratzeko 'irteera egingarriena' beste presidentegai bat izendatzea litzateke.

Garbiñe Biurrun epailea. Argazkia: EiTB
Garbiñe Biurrun epailea. Argazkia: EiTB
Garbiñe Biurrun epailea. Argazkia: EiTB

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Garbiñe Biurrun EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaileak Euskadi Irratian esan duenez, "oso modu bitxian" hartu du erabakia Auzitegi Konstituzionalak,  "inork eskatu ez diona ebatzi" duelako.

"Ez du ebazten benetan errekurtsoa onargarria den edo ez, eta ebazten duena da inork eskatu ez diona. Inork ez dio eskatu Konstituzionalari horrelako kautelazko neurria. Oso modu bitxian erantzun du Auzitegi Konstituzionalak", esan du.

Biurrunek uste du, egoera honetara iritsita, Puigdemontek bere burua Pablo Llarena epailearen aurrean aurkeztuko balu, horrek emango liokela aukera inbestidura saiora joateko.  "Horretarako badira aurrekari batzuk. Konstituzionalak baldintza hori jarri du, Puigdemont derrigortzen du epailearen aurrean aurkeztera, inbestidurara joan aurretik", gehitu du.

Martin Aranburu Artur Mas Generalitateko presidentea izandakoaren aholkulariak ere hitz egin du gaiaz, Radio Euskadin.  Horren hitzetan, Konstituzionalak Puigdemonten inbestiduraren inguruan hartutako erabakiaren ondoren,  egoera bideratzeko "irteera  egingarriena" beste presidentegai bat izendatzea litzateke.  Katalunian legealdi berri bati ekiteko bidea "ireki" du Kontsituzionalak,  Aranbururen arabera.

Erabakia, aho batez

Auzitegi Konstituzionalak, atzo, aho batez ebatzi zuenez, asteartean Kataluniako Parlamentuan izango den inbestidura-saioa baliogabetuko du, baldin eta saioan ez dagoen presidentegai bat izendatzen saiatzen badira; hau da, Konstituzionalak galarazi egin du Puigdemonten inbestidura telematikoa. Beraz, Puigdemontek Bruselatik itzuli beharko luke, inbestidura-saioan egon ahal izateko. Gogoan izan behar da Puigdemont atxilotzeko agindua emanda daukala Pablo Llarena epaileak.

Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, Espainiako Gobernuak bi ekintza zehatzen aurka jarritako helegitea tramitean onartu ala ez erabaki aurretiko kautelazko neurria izango litzateke Konstituzionalak erabakitakoa: Roger Torrent Parlamenteko presidenteak urtarrilaren 22an egindako inbestidura-deialdia, eta Puigdemonten presidente izendatzeko datorren astearterako iragarritako inbestidura-bilkura.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia egoera politikoa Politika Eguneko albisteak Eguneko albisteak Pere Aragonès bideoak Auzitegi Konstituzionala Irratia euskaraz Irrati programazioa EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak