Politika -

XXIX. edizioa

Genero-indarkeriaren aurkako 'Ez beti da ez' aldarria, 2017ko Sabino Arana Saria

"Indarkeria matxista pairatzen duten biktimen ahots isildua" aitortu nahi izan dute. Gainera, Gerediaga Elkartea, Ramon Barea aktorea, Abel Barriola pelotari ohia eta Koopera ere saritu dituzte.

Sabino Arana Fundazioaren presidentea, aurtengo saridunekin. Argazkia: EiTB
Sabino Arana Fundazioaren presidentea, aurtengo saridunekin. Argazkia: EiTB
Euskal talentua eta unibertsoa saritu ditu Sabino Arana Fundazioak

2:03

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Genero-indarkeriaren aurkako 'Ez beti da ez' "oihu kolektiboa" saritu nahi izan du Sabino Arana Fundazioak, "Euskadiko bazter guztietan entzungai den oihua delako, eta indarkeria matxista pairatzen duten emakumezko biktimen ahots isildua jasotzen baitu", Juan Maria Atutxa Sabino Arana Fundazioaren presidenteak igande honetan azaldu duenez.

Indarkeria sexistaren kontrako kanpaina horrez gain, Gerediaga Kultur Elkartea, Ramon Barea zuzendaria eta aktorea, Abel Barriola pelotari ohia eta Koopera kooperatiba ere saritu dituzte Sabino Arana Sarien XXIX. edizioan.

Atutxak aurtengo edizioaren bost saridunak aurkeztu ditu prentsaurrekoan eta, geroago, sari-banaketari ekin diote Bilboko Arriaga Antzokian. Lehen mailako ordezkari politikoak izan dira, tartean, Iñigo Urkullu lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, eta Juan Maria Aburto Bilboko alkatea.

Fundazioaren historian zehar, 170 sari banatu dira, eta aurten indarkeria sexistaren kontrako 'ez beti da ez' kanpainari oro har aitorpena egin diote, "pertsonalizatu gabe".

Prentsaurrekoan saridunak izan dira. Abel Barriola pelotari ohiak saria eskertu du, eta gogoratu du pilota bere "pasioa eta bizitzeko modua" izan dela. "Nitaz gogoratu izanak poza handia eragin dit", azpimarratu du.

Bestalde, Koopera-Berrikuntza Soziala eta Ingurugiroa kooperatibako zuzendari den Javier Mariñok hasieratik babesa eskaini dietenei eman dizkie eskerrak, eta boluntarioen eta langileen lana goraipatu du.

Bestalde, Nerea Mujika Gerediaga Kultur Elkartearen presidenteak esan du sari horrek aukera ematen diela "Durangoko Azokaz haratago, nortzuk garen erakusteko". "Aukera handia da izan garena eta etorkizunerako buruan daukaguna partekatu ahal izatea", gaineratu du. Azkenik, Ramon Barea aktoreak eta zuzendariak bere poza azaldu du, eta saria jaso du "askoren izenean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Pilota Tratu txarrak adin txikikoak Politika PNV-EAJ Bilbo Indarkeria matxista Aktoreak Alderdi politikoak Indarkeria matxistaren biktimak Azken kultur albisteak Gaurko azken ordukoa Tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako gida