Politika -

Eskaera

PPren absoluzioa eskatu du Fiskaltzak, Barcenasen ordenagailuen kasuan

Madrilgo epaitegi batek azaroan erabaki zuen epaiketa abiatzea PPren eta alderdi horretako diruzainaren eta informatika-sistemako zuzendariaren aurka.

Luis Barcenas, artxiboko irudian. Argazkia: EiTBren bideo batetik hartua.
Luis Barcenas, artxiboko irudian. Argazkia: EiTBren bideo batetik hartua.
Luis Barcenas, artxiboko irudian. Argazkia: EiTBren bideo batetik hartua.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo Fiskaltzak PPren eta gainerako akusatuen absoluzioa eskatu du, alderdi horretako diruzain ohi Luis Barcenasen ordenagailuak ezabatuta izan zirela epaitzen duen kasuan; hala eman diote jakitera Europa Pressi iturri fiskalek.

Rosa Maria Freire Madrilgo epaileak, azaroaren 30ean, aho-epaiketa abiatzea erabaki zuen; epaiketa PPren aurkakoa zen, bai eta Carmen Navarro diruzainaren, Jose Manuel Moreno informatikariaren eta Alberto Duran alderdiko abokatuaren aurkakoa ere, informatika-kalteengatik eta estalketagatik.

Diruzain ohiak 2017ko irailean alde egin zuen prozesutik. Horrez gain, Ministerio Publikoak auziaren artxibatzea eskatu du, hainbat aldiz; izan ere, horren iritziz, ikertutakoak ez luke zertan ekarri ondorio penalik.

Epaileak, 2016ko uztailaren 26ko autoan (abiatutako instrukzioa amaitutzat ematekoa izan zen), adierazi zuen zantzu argiak zeudela ondorioztatzeko Barcenasen agiriak "gogotik ezabatu zituztela, sistemarik zorrotzena erabiliz, fisikoki suntsitu arte".

"Informatika-kalteetako deliturik ez, ez eta estalketa ere"

Efek ikusi ahal izan du Carmen Luciañez fiskalaren idazkia; bertan, Luciañezek dio ez dela frogatu informatika-kalteetako deliturik, ez eta estalketa-deliturik, herri-akusazioek hala badiote ere; hortaz, "zigortzeko moduko arau-hausterik ez dagoenez", absolbitu beharko lituzkete, PP eta beste hiru auzipetuak.

Ministerio Publikoaren arabera, PPk, 2010ean alderdiko diruzaina izateari utzi zionean, Genova kaleko egoitzako Andalucia izeneko gela eman zion, berak erabil zezan. 2013ko urtarrilera arte, astero hainbat aldiz joan zen bertara; une horretan, Carmen Navarro gerenteak debekatu zion sartzea.

Gela hartan, Barcenasen gauza batzuk zeuden, eta bi ordenagailu (Toshiba bat eta Macintosh bat); azken horiei buruz, "ezin izan da frogatu norenak diren, ezta nola lortu ziren ere".

Duran eta Barcenasen abokatuak hainbat aldiz hitz egin zuten, diruzain ohia joan zedin bere gauzen bila, gela husteko, baina, "erantzunik egon ez zenez", 2013ko otsailean erabaki zuen gela ireki zedin, eta han zeuden gauzak zigilatutako kutxetan gorde zitezen, bi ordenagailuak izan ezik; horiek Jose Manuel Moreno informatikariaren esku geratu ziren.

Martxoaren 1ean, Barcenasek salaketa jarri zuen, PPk bere gauzak eta ordenagailuak zituelako, baina epaileak auzia artxibatu zuen; izan ere, eskuragarri zuen dena, ordenagailuak izan ezik, horien jabetza frogatu behar baitzuen.

Hilabete batzuk geroago, maiatza eta ekaina bitartean, "Duranek agindua eman zion Morenori, bi ordenagailuak ezabatu eta formateatzeko, besteren bati emateko"; azken horrek ezabatu zituen, protokoloari jarraituta, Datuen Babesaren Legea zainduta.

Fiskalak gogoratzen duenez, Barcenas Gurtel auzian zegoen, ikertuta, eta 2013ko uztailaren 15ean egindako deklarazioan, "aurreko deklarazioetan jarraitutako bidetik alde eginda, adierazi zuen kontabilitate-datuak zeudela bi ordenagailuetan, bai eta una hartan ekarri zuen pen-drive batean ere"; ez zuen zehaztu, baina, zein informazio zegoen Macintoshen, 2012ko urrian aldatu baitzuen haren disko gogorra.

Hortaz, Ministerio Publikoaren ustez, "ez da frogatu zein informazio zegoen ordenagailuetan, ez eta pen-driveko informazioa ordenagailu horietatik zetorren ala ez ere".

Eta, horrez gain, gehitzen du ez dela baieztatu informazio hori garrantzitsua zen Gurtel auzirako, edo beste prozesuren baterako; halaber, ez omen da ondorioztatu ordenagailuak ezabatzeak kalterik egin dion Barcenasi.

Botin doktrina

Fiskaltzak, ondorioz, PPk defendatutako ildoari jarraitzen dio. Botin doktrina proposatzen du, epaiketarik ez egoteko; izan ere, bere garaian aurkeztu zen akusaio partikular bakarra, Luis Barcenasena, kasutik alde egin zuen, eta, gainera, informatika-kalteetako delitua pribatua da.

Berez, bere garaian eskatu zuen kasua artxibatzea, akusazio partikularren irizpidearen aurka; hauek daude akusazio horretan: Europaren aldeko Abokatu Demokraten Elkartea, Observatori Drets Humans, eta Izquierda Unidak, Justizia eta Gizartea Elkarteak eta Los Verdes, Els Verds, Berdeak eta Os Verdesek egindako akusazio bateratua.

Epaileak aho-epaiketa abiatzea erabaki zuen, eta zehaztu zuen etorkizunean erabakiko zela, hala egin behar bazen, Botin Doktrina baliatzea ala ez.

Auzitegi Probintzialak adierazi zuen diruzain ohiak esandakoa "sinesgarria" zela, hau da, aukera zegoela PPren interesarako kaltegarriak izan zitezkeen datuak ezabatzen saiatu izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Barcenas auzia Berriak Politika Albisteak Alderdi Popularra Alderdi politikoak albisteak Ustelkeria politikoa azken albisteak Ustelkeria politikoa Eguneko albisteak