Politika -
Katalunia
Bi pertsona atxilotu dituzte Mossoen eta manifestarien artean izandako liskarretan
Karguekin aske geratu dira biak. Agintariaren aurkako atentatua egotzi diete.
Agentziak | Erredakzioa
Esquadra Mossoek bi pertsona atxilotu zituzten atzo Bartzelonako Ciutadella parkean, Kataluniako Parlamentuaren aurrean, agenteen eta manifestarien artean izandako enfrentamenduetan. ANCk deituta, elkarretaratzea egin zuten milaka lagunek, Roger Torrent Ganberako presidenteak inbestidura saioa atzeratzea erabaki eta gero.
Mossoek gaur jakinarazi dutenez, bi pertsona hartu zituzten atxilo eta gaur geratu dira aske, karguekin. Agintariaren aurkako atentatua egotzi diete.
Protesta baketsua izan zen oro har, baina une batean, manifestari talde batek segurtasun hesia gainditu zuen eta Parlamentu aurrera joan ziren. Mossoek kargak egin zituzten.
Larrialdi Medikoetako Sistemaren (SEM, katalanezko sigletan) arabera, 24 agente eta hiru manifestari artatu zituzten kolpe eta zauri arinengatik. Manifestarietako bat Hospital del Mar erietxera eraman zuten, klabikula apurtuta baitzuen.
Gizon bat, Mossoen eta manifestarien artean. Argazkia: EFE
Protesta ekitaldia 14:30ean abiatu zen, inbestidura saioa baino ordu erdi lehenago. 15:00etan zegoen aurreikusita saioa, baina Roger Torrent Parlamentuko presidenteak atzeratzea erabaki zuen goizean, Puigdemont inbestitzeko "berme guztiak" izan arte. 16:15ean, poliziak jarritako segurtasun hesia hautsi zuten hainbat manifestarik, Ganberaren ateraino iristeko. Tropelean, agenteei bultza eginez, Parlamentuaren ateraino iristea lortu zuten, eta bertan geratu ziren. Tentsio uneak izan ziren, eta Mossoek kargak egin eta borrak erabili zituzten.
Manifestari batzuek kanpalekuak jarri zituzten Ciutadella parkean, baina 22:30 aldera, tokia utzi eta kanpadendak altxatzea erabaki zuten, batzarrean bozkatu ondoren.