Politika -
Ramon Rubial Fundazioa
'Zuhurtzia' eskatu die alderdiei lehendakariak
"ETAk sortutako eztabaida faltsuetan ez nahastea" beharrezkoa dela uste du Patxi Lopezek. "Su-eten handirik edo txikirik ez dugu nahi", erantsi du.
Erredakzioa
Terrorismoaren aurkako borrokan "zuhurtzia" eskatu die euskal alderdiei Patxi Lopez lehendakariak, eta Batasunak berak "demokrazian integratzeko" pausoak eman beharko dituela gaineratu du.
Alderdiei "erantzukizuna eta lasaitasuna" eskatu die Lopezek. Era berean, "ETAk sortutako eztabaida faltsuetan ez nahasteko" eskatu die alderdiei, "amaierara hurbildu baino, atzera pausoak ematera bultza gaitzakeelako".
Ramon Rubial Fundazioaren ''Euskadi, herritarren herrialde bat'' hitzaldian, alderdi politikoek ETAri "behin-betiko desagertzeko" eskatu behar diotela azpimarratu du lehendakariak. "Su-eten handirik edo txikirik ez dugu nahi", erantsi du.
Bakegintza "garaipen kolektibo bat" izango dela defendatu du lehendakariak, baina "hitzerdika aritzea nahikoa ez" dela gaineratu du. "ETArekin hautsi behar dute edo ETA desagertzeko lan egin; pilota euren teilatuan dago, ez gurean", adierazi du.
Egungo egoera "irmotasun demokratikoari eta zero tolerantzia politikari esker" heldu da, Lopezen ahotan. "Amaiera ikusteko antsietatea, ikusi nahi duguna ikustera garamatzan tentagarria da, nahiz eta errealitateak ez baieztatu", erantsi du.
Hala ere, "Batasunaren munduan aldaketak izan" direla onartu du Lopezek, baina "nahikoak ez" direla gaineratu du, "ezta pentsatu ere". "ETArekin ez dute argi eta garbi apurtu. Gustatuko litzaiguke, baina ez dute egin", errepikatu du.
Bestalde, Osakidetzaren zerrendak eta euskara "arma politiko gisa" ez erabiltzeko eskatu dio EAJri Patxi Lopezek.