Politika -
EUSKO LEGEBILTZARRA
Erabakitzeko eskubidea babestu du Urkulluk, legea betez eta adostuta
EAJk estatus politiko berrirako egindako proposamenari buruz galdetu dio Alfonso Alonso PPko legebiltzarkideak lehendakariari Legebiltzarreko kontrol saioan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Legebiltzarrean gaur adierazi duenez, EAJk estatus politiko berrirako egindako proposamenak ez du autodeterminaziorako eskubidea planteatzen; aitzitik, "legezkoa eta adostua" izango den erabakitzeko eskubidea defendatu du.
EAJk estatus politiko berrirako egindako proposamenari buruz Alfonso Alonso Euskadiko PPko presidente eta legebiltzarkideak egindako galderari erantzun dio Iñigo Urkulluk Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. EAJk Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean aurkeztutako dokumentuaren arabera, Estatutu berrirako itunak aldebikotasuna izango luke ardatz, eta bi aldeek errespetatuko dutela bermatu beharko lukete.
Autodeterminazio eskubidea eta aldebakarreko independentzia deklarazioa "nahita" nahastea egotzi dio lehendakariak PPko legebiltzarkideari, eta eskubide "positiboa" izateaz gain, Nazioarteko Justizia Auzitegiak aitortzen duen eskubidea dela gogoratu du.
"Ez da autodeterminazio eskubidea planteatzen, legezkoa eta adostua izango den erabakitzeko eskubidea baizik", adierazi du.
Urkulluren esanetan, printzipio horren hausturak "ezegonkortasuna" eragiten du. Ez hori bakarrik, uste du ez dela kaltegarria erabakitzeko eskubidea bere horretan, elkarrizketaren ukazioa eta Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioa baizik. "Horrek guztiak bai eragiten du ezegonkortasuna", azpimarratu du.
PPrekin desadostasunak izan arren, lehendakariak eskua luzatu die Euskadiko popularrei autogobernua gaurkotzea bermatuko duen estatus politiko berri bat adosteko.
Lehendakariaren erantzunak ez du Alfonso Alonso asebete eta EAJren proposamenak iraganekoak direla gaineratu du. "Ongi asko badakit oso trebeak zaretela eta suarekin jolas egin dezakezuela pentsatzen duzuela, baina suarekin jolas egin zuten zuetako horiek erre egin ziren eta euskal jendartea ere erre egin zuten", ohartarazi du Alonsok. Hori dela eta, erantzukizunez jokatzeko eta Euskadi gatazka batean ez murgiltzeko eskatu dio Alonsok Urkulluri.