Itxi

2018/02/20

15:12

Politika

KATALUNIA

Artur Mas fidantzarik gabe aske gelditu da, hiru orduz deklaratu ostean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Pablo Llarena epaileak Neus Lloveras Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteko (AMI) presidente ohia ere libre utzi du, deklaratu ostean.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak fidantzarik eta kautelazko neurririk gabe aske utzi du Artur Mas Generalitateko eta PDeCAT alderdiko presidente ohia, ikertu gisa hiru orduz deklaratu eta gero. Iturri juridikoek azaldu dutenez, Gorenak aldiro agertzeko eskatu dio eta Masek eskaera onartu du.

Herri akusazio gisa jardun duen Vox alderdiak 60.000 euroko fidantza jartzea, hamabost egunean behin epailearen aurrean agertzea eta pasaportea erretiratzea eskatu du. Fiskaltzak, ostera, ez du publikoki jakinarazi zer jarrera hartu duen.

Artur Mas 09:20an hasi da Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epailearen aurrean ikertu gisa deklaratzen. Kataluniako independentzia deklarazioa "sinbolikoa" izan zela esan dio epaileari, baina urriaren 1eko erreferenduma benetakoa izan zela. Bestalde, beste ikertu batzuekin zenbait bileratan parte hartu zuela onartu du, baina bilera "politikoak" zirela nabarmendu du. Bestalde, prozesu subiranistari lotutako batzorde estrategikorik ez zegoela esan du.

Lau pertsona espetxean daudela kontuan izanda ezin duela pozik egon azaldu du kazetarien aurrean. Haren arabera, baina, "gauzen egia" epaileari azaltzen saiatu da, eta prozesu subiranistan erakundeek herriari jarraitu diotela eta herriaren erabakitzeko eskubidea babestu besterik ez dutela egin esan du.

Matxinada, sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatzen dio Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako auzia daraman Llarena epaileak. Horren ostean, Neus Lloveras Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteko (AMI) presidente ohi eta Vilanova i la Geltru (Bartzelona) udalerriko alkateak deklaratu du ikertu gisa. Ordu eta erdiko deklarazioaren ostean, fidantzarik gabe aske gelditu da. Gainerako ikertuei bezala, matxinada, sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatzen dio epaileak Lloverasi.

Ez Fiskaltzak ez herri akusazioak (Vox) ez dute haren kontrako kautelazko neurririk eskatu. Galdeketan, urriaren 1eko erreferendumean Udalek izan zuten eginkizunaz itaundu diote. Akusazioaren esanetan, erreferendumean parte hartzea gomendatu zien Udalei, nazioarteko tratatuetan oinarrituta eta debekuei muzin eginda.

NEUS LLOVERAS EFE

Neus Lloveras Auzitegi Gorenera heldu den unea. Argazkia: EFE

Mas 08:45 zirenean heldu da Auzitegi Gorenera, bere abokatua, emaztea eta Marta Pascal PDeCATeko burua lagun zituela. Marta Pascalek berak atzo deklaratu zuen Pablo Llarena epailearen aurrean.

PDeCATeko eta ERCko beste hainbat kide joan dira Gorenera Mas eta Lloveras babestera: Jordi Xucla, Miriam Noguera eta David Bombei (PDeCAT), Teresa Jorda eta Bernat Picornell (ERC), eta Jorgi Gaseni AMIko presidenteordea, besteak beste.

Horiez gain, talde falangista bateko kideak ere bildu dira Gorenaren aurrean "separatistak ilegalizatu" lelopean. Gainera, Mas igaro denean "traidore" deitu eta bere tokia espetxean dagoela oihukatu diote.

Artur Mas eta Neus Lloveras ez dira Auzitegi Gorenera ikertu gisa deklaratzera deitu dituzten bakarrak.

Anna Gabriel CUPeko ordezkariak gaur iragarri du ez dela asteazkenean deklaratzera joango Auzitegi Gorenera: "Ez naiz Madrilera joango".

Atzo Pablo Llarena epaileak Marta Rovira ERCko idazkari nagusia aske utzi zuen, 60.000 euroko fidantza jarrita. Bestalde, Marta Pascal PDeCATeko koordinatzaile nagusia ere aske geratu zen, baina kautelazko inolako neurririk gabe.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;