Politika -
Adierazpen instituzionala
Espetxe politika berri bat beharrezkoa ikusten du Nafarroako Parlamentuak
Bozeramaileen batzordeak, UPNren eta PPNren kontrako botoekin, adierazpena onartu du. Testua Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Ezkerrak aurkeztu dute, baina PSNren babesa ere jaso du.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak, UPNren eta PPNren aurkako botoarekin, adierazpen instituzionala onartu du gaur, espetxe politika berri bat eskatzeko. Presoen sakabanaketa saihestea beharrezkoa ikusten du Foru Ganberak.
Testua Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Ezkerrak aurkeztu dute, baina PSNren babesa ere izan du. Horrela, presoen sakabanaketa politikarekin ados ez dagoela adierazi du Nafarroako Ganberak. Hala ere, UPN, PPN eta PSN adierazpenaren lehen puntu horren aurka agertu dira.
Iragan astean Xabier Rey ETAko presoa Cadizeko kartzela batean hil ondoren, ekimena Bozeramaileen Batzordera eta Mahaira heldu da. Larunbatean manifestazioa egin zuten Iruñean, heriotza gaitzesteko eta sakabanaketarekin bukatzea eskatzeko.
Jarrera ezberdinak
Talde politikoen jarrera ezberdinak bozeramaileek azaldu dituzte kazetarien aurrean, Mahaia eta Bozeramaileen Batzordea bildu ondoren.
Zentzu horretan, ETAri desegitea eskatu, ezker abertzaleak “etarrei, hiltzaileei” harrerarik ez egitea bermatu eta “makillaje, zuritze, gezur huts” nahiko direla esan beharko litzaiokeela defendatu du Javier Esparza UPNko bozeramaileak.
Bestalde, Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramaileak Reyren “heriotza gogorra” gogorarazi ondoren, espetxe politika aldatzeko, UPN eta PPN mugitu beharko diren unea helduko dela iragarri du, haren “ondorio lazgarriak” desagertzeko.
Era berean, preso guztien, ez bakarrik “politikoen”, sakabanaketaren aurka agertu da Koldo Martinez (Geroa Bai); izan ere, sakabanaketa “ankerkeria plus” bat da eta ez du inolako oinarri juridikorik, ezta demokratikorik ere.
“Kasu askotan” Estatua bera legedia betetzen ari ez dela azpimarratu du Carlos Couso Podemoseko bozeramaileak bere agerraldian. Sakabanaketa “logikatik at” dagoela erantsi du Cousok. Horregatik, pausoak ematea ona litzakeela adierazi du.
Lauko Gobernuaren beste hiru kideek egin bezala, Ezkerrak testua babestu du. Jose Miguel Nuinek gogorarazi duenez, koalizioak sakabanaketa beti errefusatu du, justifikaziorik ez duelako, are gutxiago, ETAren ekintza terrorista amaitu denean.
Sozialistek lehen puntuaren aurkako botoa eman dute. Maria Chivite PSNko bozeramaileak azaldu duenez, bere garaian erabakiok “ongi hartu” zirelako. Aldiz, espetxe politika berri bati babesa ematea erabaki dute, ETAk terrorismoa utzi ondoren markoa aldatu delako eta hori kontuan hartu beharra dago, azpimarratu duenez.
Ana Beltran (PPN) testu osoaren kontra agertu da. Desegin, krimen guztiak argitzeko laguntzen eta armak entregatzen ez dituzten bitartean, legedia aldatzearen aurka azaldu da.