Politika -

KALERA KALERA

Egungo espetxe politikaren amaiera eskatu dute milaka pertsonek Iruñean

Kalera Kalera ekimenak deitu du manifestazioa, Xabier Rey ETAko presoa Puerto III kartzelan hil eta gero. Arkaitz Rodriguez Sortuko buruzagiak "Xabier azkena izatea" eskatu du.

Manifestazioare une bat. Argazkia: @ikercasanova
Manifestazioare une bat. Argazkia: @ikercasanova
Xabier Rey gogoratu dute Iruñean, espetxe-politikaren aurkako martxan

1:25

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagunek hartu dute parte larunbat honetan Iruñean, Kalera Kalera ekimenak deituta, "egungo kartzela politikaren amaiera" eskatu duen manifestazioan. Xabier Rey Urmeneta ETAko presoa Puerto III espetxean hil eta gero antolatu dute mobilizazioa.

17:00etan abiatu da manifestazioa Golem zinemetatik eta Asuncion Plazan amaitu da. Xabier Reyren senide eta bizilagunek hartu dute hitza aurrena, eta dantzari batzuk aurreskua dantzatu ostean, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiaren intebentzioarekin amaitu da ekitaldia.

Manifestazioaren buruan Xabier Reyren argazki bat eraman dute, ikurrina haren atzetik, eta zanpantzarrak ondoren. "Espetxe Politika Hiltzailea" leloa zeraman pankartaren atzean egin dute manifestazioa.

Mobilizazioaren aurretik komunikabideen aurrean hitz egin du Argaitz Rodriguezek. "Egungo espetxe politikaren amaiera, eta oraingo honetan bai, Xabier Rey azkena izatea" eskatu du.

"Euskal gizarteak bakea nahi du, ez du biktima bakar bat gehiago nahi gatazka politiko honen ondorioz" esan du Rodriguezek. "Bakeak, besteak bete, euskal preso politikoen askatasuna eskatzen du, ez baita posible elkarbizitzaz, normaltasun politikoaz eta egonkorra izango den bakeaz hitz egitea, kartzeletan eta herbestean ehunka preso eta errefuxiatu dauden bitartean" nabarmendu du.

"Kezkatuta gaude alderdi politiko batzuk garaitu eta garaileen errelatoa inposatu nahi dutela ikusita, justu eta injustuen arteko errelatoa, gaizto eta zintzoen artekoa" kritikatu du Sortuko buruak.

"Ezaugarri horiek dituen errelato batetik, oinarri horretatik, ezin da irtenbide justu, egonkor eta iraunkor bat eraiki, ezin da elkarbizitza eraiki gatazka honetako zati bat humiliatu nahi bada" gaineratu du.

Rodriguezek agente politikoei "arduraz" jokatzeko deia egin die eta "biktimak nahiz elkarbizitzaren eraikuntza arerioa politikoki desgastatzeko eta etekin politikoa ateratzeko ez erabiltzea"  eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Iruñeko argazkiak ETA albisteak