Politika -

EPAIA

Estrasburgok Espainia zigortu du, erregearen irudia erretzea kartzelaz zigortzeagatik

Espainiako auzitegiek 2.700 euroko isuna ezarri zieten Enric Stern eta Jaume Rourari 15 hilabeteko kartzela zigorra saihesteko.

Artxiboko argazkia: Agentziak
Artxiboko argazkia: Agentziak
Artxiboko argazkia: Agentziak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu du, Espainiako errege-erreginen argazki bat erretzeagatik bi gazteri espetxe zigorra ezartzeagatik. Espainiak adierazpen askatasuna urratu zuela ebatzi du Estrasburgok, aho batez.

Enric Stern eta Jaume Roura gazteek Espainiako errege-erreginen irudi bat erre zuten 2007an, Gironan izandako manifestazio batean, eta Espainiako auzitegiek kartzela zigorra ezarri zien lehenengo, eta isuna, gero. Zehatz-mehatz esanda, Espainiako koroa iraintzeagatik 2.700 euroko isuna ezarri zieten bakoitzari, 15 hilabeteko kartzelaldia saihesteko.

Espainiak, orain, isun gisa ordaindu zutena itzuli beharko die bi gazteei, eta 9.000 euroko kalte-ordaina eman beharko die.

Epaiaren arabera, "eztabaida politikoaren esparruan egindako delitu batengatik" kartzela zigorra ezartzea adierazpen askatasuna urratzea da. Horrez gain, epaimahaiak uko egiten dio gertaerak gorroto delitu gisa hartzeari, "aniztasuna, tolerantzia eta irekitasun espiritua" arriskuan jar daitezkeela iritzita.

Estrasburgoko auzitegia "ez dago ziur" epaitutako gertaera "gorroto edo indarkeriarako akuilu" izan daitekeenik. Horren harira, azpimarratu du errege-erreginen argazkia erre ostean ez zela ez indarkeriazko jarrerarik, ezta ordena publikoko arazorik izan.

Gauzak horrela eta epaian irakur daitekeenez, atsekabe baten adierazpen sinboliko edo protesta gisa ulertu behar da. Epaimahaiak gaineratu duenez, erregeak Estatuburu gisa ordezkatzen duenarekiko kritika bat izan zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Berriak Politika Europar Batasuna Espainiako Felipe VI.a Espainia argazkiak Epaiketak bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Estrasburgoko Auzitegia epaiketak