Politika -
GEEA
Eloseguik esandakoa zuzendu edo izendapena baliogabetzea eskatu du Legebiltzarrak
Horrela, homosexualitatearen inguruan egindako adierazpen polemikoak “zuzentzeko” eskatu dio Gasteizko Ganberak Maria Eloseguiri, PPren aurkako boto bakarrarekin.
Agentziak | Erredakzioa
Homosexualitatearen eta emakumeen berdintasunaren inguruan egindako adierazpen polemikoak “zuzentzeko” eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Maria Elosegui epaileari, PPren aurkako boto bakarrarekin. Atzera egin ezean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiko (GEEA) kide izateari uztea exijitu du Gasteizko Ganberak, hau da, haren izendapena “baliogabetzea”.
Legebiltzarreko osoko bilkuran, Eloseguik zenbait elkarrizketatan eta artikulutan egindako adierazpen “homofoboak” gogorarazi dituzte EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko bozeramaileek. Epaile donostiarra Estrasburgoko Auzitegian Espainiaren ordezkari izendatu zuten urtarrilaren 23an.
Besteak beste, “sexu harremanak sexu biologikoarekin ados izaten dituztenek jokabide orekatu eta osasuntsua izango dute, eta bakoitzaren biologiaren aurka doazenek patologia ezberdinak garatuko dituzte”, adierazi zuen Eloseguik.
Eztabaida Elkarrekin Podemosek eraman du Legebiltzarrera, baina azkenean EAJrekin eta PSE-EErekin batera transakzio-zuzenketa bat adostu du koalizio moreak. EH Bilduk ere ekimena babestu du. PPk aurkako botoa eman du.
Eloseguiren “adierazpenekin erabateko desadostasuna” azaldu du Eusko Legebiltzarrak testuan.
Gainera, 75 europarlamentarik martxan jarritako ekimenari babesa eman dio Gasteizko Ganberak. Magistratuak esandakoa zuzendu edo bere izendapena bertan behera uzteko prozedura abiaraztea eskatu diete 75 parlamentariek Europako Kontseiluari eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiari.
Bestalde, kargu mota horietarako proposatzen dituen pertsonak meritu, gardentasun eta inpartzialtasun printzipioekin aukeratzea eskatu dio Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari. Horrela, Eloseguirekin jarraitutako “akastun” prozesua kritikatu du Ganberak.