Politika -
2011ko bozak
Batzarrek eta NEBk aurreakordioa sinatu dute hauteskundeetarako
Nafarroa Bai utzi ondoren, adierazpen bat sinatu dute eta lehentasuna "krisitik era justuan, sozialean eta iraunkorrean" ateratzea izango dute.
Erredakzioa
Nafarroako Ezker Batuak (NEB) eta Batzarrek aurreakordioa sinatu dute 2011ko hauteskundeetan, bai autonomikoetan bai udaletan, elkarrekin aurkezteko asmoz.
Nafarroa Bai koalizioa utzi ondoren, adierazpen bat sinatu dute eta lehentasuna "krisitik era justuan, sozialean eta iraunkorrean" ateratzea izango dute.
Oraingoz, akordioa Nafarroako Parlamentuko hauteskundeetara eta Iruñeko eta Tuterako udaletara mugatuko da, baina "Nafarroako udalerri guztietara zabaltzeko asmo argiarekin". Dena dela, bi alderdiek onartu behar dute ituna.
NEBk eta Batzarrek azaldu dutenez, "koalizioaren proposamen politiko eta sozialaren oinarrian egongo dira krisiaren biktimak defendatzea, langabeziaren kontrako borroka, eskubide sozial eta laboralen defentsa, alor publikoaren aldeko konpromisoa eta estatu soziala indartzea".
Era berean, "Nafarroako aniztasuna errekonozitzea eta baloratzea" babestu dute "gure izaera, kultura eta hizkuntza aniztasunaren elkarbizitzaren alde".