Politika -
Bakea eta normalizazioa
Biktimen elkarteak haserre, ETAren amaiera irudikatzeko eskultura dela eta
ETAren amaiera irudikatzeko datorren igandean Baionan jarriko duten eskulturak biktimak iraintzen dituela esan du Covitek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ETAren armagabetzearen lehen urteurrenean, datorren igandean, eskultura bat jarriko dute Baionan erakunde horren amaiera iruditzeko, eta ekimen horren harira polemika piztu da, biktimen elkarteak kontra agertu direlako.
'Arbolaren egia' izeneko obra Koldobika Jauregi eskultore gipuzkoarrak egin du, Baionako Udalak eskatuta. Zortzi metroko altuera eta hiru tonako zama dauka. Ahuspez dagoen aizkora handi bat da eta ertzetik arbola bat ateratzen zaio.
Covitek uste du eskultura horrek "ETAren armagabetze faltsua" irudikatzen duela eta "biktimen eta Espainiako gizartearen kontrako beste irain bat gehiago" dela.
Hori dela eta, Espainiako Gobernuari eskatu dio "bide diplomatiko guztiak" erabil ditzala, Frantziako Gobernua oroigarri horren kontra ager dadin.
Koldobika Jauregi eskultoreak, berriz, argi utzi nahi izan du bere lanarekin ETAren indarkeria amaitu dela soilik erakutsi nahi duela.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, "zuhaitzak gogoratzen du euskal foruak arbolapean sortu zirela eta arbolapean sortuko dela elkarrizketa, arbolapean hitz egingo dugula".
"Aizkora ez dago zutik, aizkora lurpera doa, sekula atera behar ez zen tokira", erantsi du.
Eskultura datorren igandean inauguratuko dute, goizeko 11:00etan, Baionako Roland Barthes plazan.
Bakegileek eta Bake Bidea elkarteak 'Bake Foroa' antolatu dute apirilaren 6tik 8ra bitartean, Baionan eta Biarritzen, ETAren armagabetzea dela eta. Presoen auzia eta biktimak izango dituzte aztergai.