Itxi

Politika

ETA-ren amaiera

Ortuzar, Otegi eta Arana izango dira EAJ, EH Bildu eta Podemosen ordezkariak Kanbon

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

EAJren ordezkaritza Joseba Aurrekotxeak, Pako Arizmendik eta Joseba Egibarrek osatuko dute. Koalizioaren izenean, ostera, Maddalen Iriarte, Adolfo Araiz eta Bakartxo Ruiz ere joango dira.

1:46

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia eta Eukene Arana Podemoseko legebiltzarkidea izango dira, hurrenez hurren, euren alderdien ordezkaritzaren buruak ostiraleko Kanboko nazioarteko konferentzian.

EAJren ordezkaritza Andoni Ortuzarrek, Joseba Aurrekoetxea Antolakuntza Arloko arduradunak, Pako Arizmendi Ipar Buru Batzarreko (IBB) presidenteak eta Joseba Egibarrek osatuko dute. Azken hori gonbidatuen artean ageri da gatazkaren konponbiderako aurreko prozesuetan parte hartu duelako; zehazki, Lizarra-Garaziko elkarrizketetan izan zuen parte-hartzeagatik.

Pasa den ostiralean Kanboko ekitaldira joateko gonbidapen formala jaso ostean, ordezkaritza hori bidaltzea erabaki du EAJren zuzendaritzak.

Jeltzaleek adierazi dutez, Kanboko ekitaldian ETAren "historia beltza" zurituko ez denaren bermeak jaso dituzte. Horien esanetan, ETAren disoluzioa "egiaztatu" besterik ez da egingo. Hori dela eta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lehen indarra diren heinean, "Euskadiren historiako orrialde mingarrienetako baten itxieran" egon behar dela uste du, "notario" lanetan.

EH Bilduren izenean, ostera, Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte koalizioak Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailea, Adolfo Araiz koalizioak Nafarroako Parlamentuan duen bozeramailea eta Bakartxo Ruiz Nafarroako legebiltzarkidea joango dira Kanbora.

Azkenik, Podemosek ez du Lander Martinez idazkari nagusia bidaliko Kanbora, baina, horren ordez, Eukene Arana legebiltzarkidea eta Andeka Larrea Komunikazio idazkaria joango dira.

Sindikatuei dagokienez, ELA eta LABeko ordezkari nagusiak, Adolfo Txiki Muñoz eta Garbiñe Aranburu, Kanbon izango dira. Gainera, Iparraldeko LABeko ordezkari Eñaut Aramendi ere naziaorteko konferentziara joango da.

UGT-Euskadik ere ostiraleko ekitaldian izango dela baieztatu du. Raul Arza idazkari nagusia joango da Kanbora, "behingoz ETA erakunde terrorista behin betiko desagertzen dela ziurtatzera, euskal eta espainiar gizarteei eragindako izu, jazarpen, estortsio eta hilketez betetako hamarkaden ostean".

CCOO sindikatuak, ordea, Kanbora ez joatea erabaki du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena