Politika -

ETA-REN AMAIERA

Otegi: 'Aro berri bat ireki da behin betiko'

Euskal Herrian "gatazka politiko bat izateak eragin duen sufrimendua" nabarmendu du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia. Argazkia: EiTB
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia. Argazkia: EiTB
Otegi: 'Sufritu duten pertsona guztiak gogoan izan nahi ditut'

2:15

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak "ongietorria egin" dio ETAren erabakiari; "bere jarduera modu ordenatuan amaitutzat emateko erantzukizuna islatu du", esan du. Halaber, "aro berri bat ireki da behin betiko", azpimarratu du.

Otegik hausnarketa hori egin du Donostiako agerraldian, ETAk arratsaldeko lehen orduan bere desegitea iragarri ostean. EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ez du galderarik onartu.

"Gaur sufrimendu hau jasan duten pertsona guztiak gogoan izan nahi ditut, baita jasaten jarraitzen dutenak ere, inor baztertu gabe", esan du.

EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren hitzetan, "Euskal Herrian ziklo politiko eta historiko luzea amaitu da".

"Benetan ziklo gogorra izan da, bai gure herriarentzat baita gutako bakoitzarentzat ere", esan du buruzagi abertzaleak. Halaber, Euskal Herrian "gatazka politiko bat izateak eragin duen sufrimendua" nabarmendu du.

"Gaurtik aurrera aro berri bat ireki da behin betiko. Iraganeko esperientzietatik denok ikasteko gai izatea nahi dut, herri modura pauso firmeak emateko unea iritsi dela uste dut, eta bide horretan aurrera egiten hamarkadak ez galtzea espero dut", adierazi du.

EH Bilduko buruzagiak azaldu duenez, orain arte egindako bidea "zailtasun larriz beteta egon da". "Ez dugu beti asmatu, baina azkenean euskal gizartearen gehiengoak nahi zuen bidea egonkortu dugu", adierazi du.

Nolanahi ere, Euskal Herriak "bakea eta askatasuna ezagutzen ez dituen herria" izaten jarraitzen duela azaldu du, eta "lanarekin" eta "eguneko jardunarekin" hori bilatzeari utziko ez diola nabarmendu du.

Mezuak Twitterren

ETAk bere amaiera iragartzen duen azken agiria ezagutu ostean, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak mezua idatzi du bere Twitter kontuan. "Euskal Herriaren alde, Askatasunaren alde, Bakearen alde, Hemen gaude", idatzi du.

 

 

 

EH Bilduk, bere aldetik, beste mezu bat idatzi du bere Twitter kontuan: "Gaur aro berri bat irekitzen da. Herri gisara urratsak emateko garaia da".

 

 

 

Pello Urizar: 'Ez da bake osoa lortu'

Pello Urizar Eusko Alkartasunako (EA) idazkari nagusiak ETAren desagerpena ospatu du, baina "ez da bake osoa lortu", nabarmendu du, oraindik biktimak daudelako, besteak beste, Altsasuko zortzi gazte auzipetuta daude, guardia zibilak eta haren bikotekideak eraso egitea egotzita.

ETAren komunikatuaren ostean, Urizarrek agerraldia egin du komunikabideen aurrean, Joan Tarda ERCko bozeramailearekin batera. Gasteizen konferentzia bat antolatuta zuten, "Katalunia, eraikitzen ari den errepublika" izenarekin.

EAko idazkari nagusiak zoriondu egin ditu ETA desagertzeko lanean aritu diren pertsona guztiak, eragile politikoak eta elkarteak, "gatazka politikoa ezin duela indarkeriak baldintzatu" zekitelako. "ETA gaur historia izatera pasatu da", azpimarratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Otegi albisteak Politika albisteak ETA gaur EH Bildu Gipuzkoa Eguneko albisteak Eguneko albisteak Adiskidetzea Euskadin