Politika -

Lehendakariari elkarrizketa

Urkullu: 'Ez da euskal gizarteak merezi zuen ETAren amaiera'

Erakundeak bere burua desegin zuenetik Iñigo Urkullu lehendakariak emandako lehen elkarrizketa izan da gaurkoa.

Lehendakaria, Dani Alvarezek egin dion elkarrizketan. Argazkia: Radio Euskadi
Iñigo Urkullu lehendakariari elkarrizketa. Argazkia: Radio Euskadi
Lehendakaria, Dani Alvarezek egin dion elkarrizketan. Argazkia: Radio Euskadi

RADIO EUSKADI

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"ETAk ez dio euskal gizarteari horrek merezi zuen amaiera eman: bere azken agiriak ez du biktimei eragindako kaltea aitortzen, eta bere kontakizuna eraikitzen jarraitzen du', horrela laburbildu du Iñigo Urkullu lehendakariak ETAren behin betiko amaiera.

Erakundeak bere burua desegin zuenetik, maiatzaren 3tik, irrati bati eskainitako lehen elkarrizketa eman dio Radio Euskadiri. Hala, desegitea izan du hizpide nagusi, baita Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako erantzun bateratua eta etorkizun politikoa ere.

Urkulluren ustez, ETAk inork eman ez dion "ordezkaritza politikoa" hartu du beretzat, eta euskal gizarteak Legebiltzarraren bidez adierazitako borondatea gutxietsi du. Nabarmendu duenez, erakundeak "Eusko Jaurlaritzak bakea, elkarbizitza eta giza eskubideen harira egindako proposamenak mespretxatu ditu, baina azkenean Eusko Jaurlaritzak urte hauetan proposatutakoa egin du".

ETAri eskerrak emateko pintadak agertu izana kritikatu du lehendakariak: "Mingarria izan da, ez baitiogu ezertxo ere eskertu behar existitu behar ez zen talde bati". Urkulluren ustez, "ETAk du zorra euskal gizartearekin, elkarbizitza baketsu bat eta giza eskubideei errespetua zor dio".

Etorkizunari begira, biktimen memoria zaintzea eta espetxe politikan aurrera egitea aipatu ditu lehendakariak eman beharreko pauso gisa. Presoen auziaren inguruan Mariano Rajoy Espainiako presidentea "irekiago" ikusi du. Dena dela, aitortu du Rajoy "Aznarren garaian nagusitu zen PPren hitzaldiaren menpe" dago. "Sakabanaketaren kontzeptua urruntzearekin nahastu dute. Hurbiltzea eta taldekatzea nahita nahasi dituzte, baita amnistiarekin ere", azaldu du.

Erabakitzeko eskubidea

Erabakitzeko eskubideari buruz "berrikusketa" bat eskatu du Urkulluk. Lehendakariak esan du "erabakitzeko eskubidearen printzipio demokratikoan" sinisten duela, baina era berean "legea bete" behar dela iritzi dio. "Erabakitzeko eskubidea ez da kontzeptu juridiko bat, printzipio demokratiko bat du oinarri eta euskal gizarteari azaltzeko berrikusketa bat behar du. Erreferendum batean galdera ezberdinak egin daitezke: independentziatik koosubiranotasunera", azaldu du.  Gure Eskuk antolatutako galdeketa batean bozkatuko balu galdetuta (igande honetan Juan Jose Ibarretxek egin zuen bezala), argitu du bere garaian aukera izan zuela baina ez zuela bozkatu "instituzionalki ez zegokiolako".

Kataluniako egoeraren inguruan galdetu diote lehendakariari. Horren iritzian, Junts per Catalunya setati dago Carles Puigdemont hautagai gisa aurkeztearekin, baina ez da "bide errealista bat".

Espainiako Gobernuarekin pentsioei buruz lortutako akordioa eta larunbateko manifestazioa hizpide, 1.080 euroko pentsioak "ez dira bidezkoak" gutxieneko soldatarekiko.

_________________

Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza ETA Albisteak Bakea Euskadin