Politika -

Epaia

Arnaldo Otegi absolbitu dute

- Anoetako ekitaldian, Batasuneko bozeramaile ohiak "gatazka era baketsuan eta demokratikoan" konpontzea defendatu zuela esan dute epaileek.

- Joseba Alvarez eta Joseba Permach ere absolbitu dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Joseba Alvarez Batasuneko buruzagi ohiak, 2004ko azaroaren 14an, Anoetako ekitaldian, terrorismoa goratzea egotzita epaitu eta gero, zigor aretoko bigarren sekzioak gaur jakinarazi duenez.

Epaileen hitzetan, "Otegik ez zuen ETA goratu; elkarrizketa eta negoziazio prozesu baten beharra nabarmendu zuen, gatazka era baketsuan eta demokratikoan konpontzeko".

Auzitegiak ebatzi du auzipetuak ez zirela izan egotzitako delituen egileak, hau da, ez zituztela eurek jarri belodromoan izan ziren ETAko kideen argazkiak eta ikurrak.

Nolanahi ere, Otegik kartzelan jarraituko du. Izan ere, behin-behineko espetxealdia ezarri zioten Bateragune auzian. Batasuna berriz osatzeko ahaleginak egiten ari ziren ikertzen ari dira auzi horretan.

Anoetako ekitaldia dela eta, Fiskaltzak 18na hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen hiru auzipetuentzat, eta Ermuko Foroak bina urtekoa.

Anoetako ekitaldia

2004ko azaroaren 14an, Batasunak mitina egin zuen Donostiako belodromoan "gatazka gainditzea" helburu zuen proposamen bat aurkezteko. Lehenengo aldiz, "bide politiko eta demokratikoetatik soilik" jarduteko apustua egin zuen ezker abertzaleak.

Proposamena bi elkarrizketa mahaitan oinarritzen zen: batean Espainiako Gobernua eta ETA egongo lirateke (armak uztearen, presoen eta biktimen inguruan eztabaidatzeko) eta bestean euskal alderdi politiko guztiak.

EAJren EBBk eta Ibarretxeren Jaurlaritzak "baloratu" egin zuten proposamena eta "positibo iruditzen zaigun bidean aurrerapausoa" zela esan zuten.Era berean, Patxi Lopez lehendakariak, garai hartan PSOEren Lurralde Kontseiluko koordinadore zenak, "pauso bat" zela aitortu zuen, baina ez zela "espero" zutena.

Bigarrenez absolbitu dute

Otegi Batasunaren bozeramailea denetik Auzitegi Nazionalak absolbitzen duen bigarren aldia da honako hau, izan ere, 2007ko martxoan Olaia Kastresana ustezko ETAko kideari egindako omenaldien erantzukizunagatik ere aske utzi zuten.

Hala ere, 2005eko azaroan Auzitegi Gorenak Erregeari "torturatzaileen buruzagi" deitzeagatik urtebeteko kartzela zigorra jarri zion.

Gainera. 2006ko apirilean 15 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten Jose Miguel Beñaran, Argala, ETAko kide historikoa goratzeagatik. 2010ean ere, bi urteko zigorra jaso zuen Jose Maria Sagardui, Gatza, goraitzeagatik, nahiz eta azken epai hau Gorenaren konfirmazioaren zain egon.

Otegi aske uzteko martxa, hilaren 19an

Otegi askatzeko eskatuko dute hilaren 19an Logroñora helduko den martxa baten bidez. Elgoibarren iragarriko dute ekimena (Otegiren jaioterria), bihar.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea