Politika -

ETA-REN AMAIERA

'Burujabetzaren aldeko herri-prozesua eraikitzera' deitu du Sortuk

Miribillako Bilbao Arenan militantzia bildu eta etorkizuneko gakoak ezarri ditu Sortuk larunbat honetan. Sinn Fein eta Corcica Liberako ordezkariak ere hitzorduan dira.

Miribillako ekitaldiko argazki bat. Iturria: Sortu Twitterren
Miribillako ekitaldiko argazki bat. Iturria: Sortu Twitterren
ETAren osteko ziklo berriari ekin dio Sortuk Bilbon

1:27

AGENTZIAK | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sortuk ekitaldi politikoa egin du larunbat arratsalde honetan Miribillako Bilbao Arena pabiloian, ETAren amaieraren ostean irekitako ziklo berrirako gakoak zehazteko. "Baietza sortuz" lelopean hasi da ekitaldia 18:00etarako gutxi falta zenean.

Alderdi abertzaleak jakitera eman duenez, 4.000 pertsona baino gehiago hurbildu dira Miribilllara.

Jean Guy Talamoni Korsikako ordezkaria izan da eskenatokian hizketan lehena eta "Aitaren eta amaren etxea defendatzen jarraituko dugu" aldarrikatu du. Bere atzetik, Sinn Feineko presidenteorde Michellle O'Neillek hitz egin du Euskal Herrian ireki den ziklo berriari ongietorria emanez. ETAk eginiko urrats historiko honi "modu baikorrean" erantzuteko deia luzatu die Estatu espainol eta frantsesei. Kaleratze prozesu baten aurrekari gisa, euskal presoei ezartzen zaien urruntze politikaren amaiera ere eskatu du O'Neillek.

Nazioarteko delegaritza zabala igo da oholtzara eta Elena Beloki Sortuko kideak hartu du ondoren hitza eurei erreferentzia eginez: "Indar bat sortu zen gure herrian, munduko beste leku askotan legez. Askatasuna nahi zuen bere herriarentzat, bere jendartearentzat. Ez zen munduan lehena, ez zen azkena izan, ez eta bakarra ere. Euskal Herria ez da sekula bakarrik aritu" esan du.

"Mugimendu iraultzaile eta aurrerakoiek eginiko lana eta borroka aldarrikatzeko unea da hau. Guztiok helburu berarekin: herria eta herritarrak askatzea, hala mundu hobea eraikiko dugula sinetsita" adierazi du Belokik. "Beste aro bat zabaltzen da orain Euskal Herrian. Hemen bildu garen herriekin batera, bide bat zeharkatzen ari gara, elkarrekin eta elkarlanean. Askatasunen bidean jarraitzen dugun eta herritik sortu zen indar horixe gara".

Presoen etxeratzea aldarrikatu dute ondoren Sortuko kideek eta preso ohiek, eta etorkizuna idazteko dagoela aldarrikatu dute aizkolarien performance batekin.

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak hartu du ondoren hitza. Rodriguezek adierazi duenez, ezker abertzaleak "ez du onartuko zintzoen eta gaizkileen kontakizun historikoaren inposaketarik". "Ez dugu onartuko hori ez baita gertatu, eta horrela ez delako posible bake bidezkoa eta iraunkorra lortzea", adierazi du. "Euren bertsioa inposatu nahi dutenek egin ditzatela ezker abertzaleak eta ETAk jada egin dutena: indarkeria bertan behera utzi, jazotakoaren ardura euren gain hartu eta gatazka historikoa konpontzeko urratsak eman".

Gainera, azpimarratu duenez, "orain irabaztea tokatzen zaigu. Irabaztea zer den? Aldaketa politikoa gauzatzea, burujabetzaren aldeko herri-prozesu bat artikulatzea eta estatu bat ezkerretik eraikitzea eredu ekonomiko eta sozial bidezkoa izan dezan".

Michele O'Neill

Hain zuzen ere, Michelle O'Neillekin izan da ETB Miribillako hitzorduaren aurretik, eta presoen gaia konpondu beharra dagoela esan du:

Sinn Feineko presidentea: 'Ezin da aurrera egin jendea preso badago'
Sinn Feineko presidentea: 'Ezin da aurrera egin jendea preso badago'
Sinn Feineko presidentea: 'Ezin da aurrera egin jendea preso badago'

0:13

Aste honetan bertan, hildako hainbat ETAko kideren senideek agerraldia egin dute Bilbon, aro politiko berriari bultzada emateko prest daudela adierazteko, "herri honetan inork gehiago sufrituko ez duen etorkizuna lortzeko". Iraganean gertatukoa ahaztu behar ez dela, baina "aurrera" egin behar dela erantsi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Sortu Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin