Politika -

Estatuko Aurrekontuak

EAJk gaur aztertuko du Espainiako Aurrekontuak onartu ala ez

Estatuko Aurrekontu Orokorren gaineko eztabaida hasiko da Kongresuan, oraindik 155a indarrean dagoela. EAJren botoa ez da ziurra.

EAJ, Kongresuan / EFE.
EAJ, Kongresuan / EFE.
EAJ, Kongresuan / EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, astelehena, hasiko da Estatuko Aurrekontu Orokorren inguruko eztabaida Kongresuan, 155. artikulua indarrean eta Euzko Alderdi Jeltzalearen botoa oraindik airean dagoela. Jeltzaleek botoa erabakiko dute, Euzkadi Buru Batzarrean, EFE agentziaren arabera. Bozketa asteazkenean izango da Kongresuan.

Mariano Rajoyk, Espainiako Gobernuko presidenteak, Pedro Sanchez (PSOE) eta Albert Riverari (Ciudadanos) helarazi die Katalunian 155. artikuluaren aplikazioa mantentzeko asmoa, Quim Torrak izendatutako gobernuaren "bideragarritasuna" aztertzen duen bitartean. Horrek EAJren botoa baldintza lezake.

Gainera, UPNren zain dago PP. Nafarroako alderdiak Espainiako Gobernuari eskatzen dio idatzita uzteko Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin ez duela presoen hurbilketari buruz hitz egingo.

Ciudadanos, Coalicion Canaria, Foro Asturias eta Nueva Canarias alderdien aldeko botoa izango du Rajoyren Gobernuak.

15:00etan hasiko da eztabaida, talde parlamentarioekin, eta astearte eta asteazkenean jarraituko du, minsitroen hitzaldiekin.

Batzordean atzera botatako 6.000 zuzenketa bozkatu beharko dituzte diputatuek. Eztabaida 257 zuzenketa berrirekin bukatu zen. PPk Ciudadanos, EAJ, CC, UPN, Foro Asturias eta Nueva Canariasekin lortu zituen akordioak.

PSOEk, Unidos Podemosek, ERCk, Compromisek eta EH Bilduk ez zuten zuzenketarik sartzea lortu. Litekeena da PDeCatek PPrekin adostea mendekotasunaren BEZa % 4 jaistea.

Aurrekontuek 50 milioi euro gehiago izango dute indarkeria matxistaren kontra borrokatzeko. Zuzenketa hori PP, Ciudadanos, EAJ, CC, Nueva Canarias, Foro Asturias eta UPNren artean adostu zen, eta Unidos Podemosek, Compromisek eta PDeCatek babestuko dute, modu kitikoan.

Tramitazioan, aurtengo pentsioak % 1,6 igotzea adostu zen, baita Iraunkortasun Faktorea 2023ra arte atzeratzea ere. Gainera, sari eta loterien salbuetsitako zenbatekoa igotzea, 10.000 eurora arte aurten, 20.000ra arte 2019an eta 40.000ra arte 2020an.

Popularrek eta jeltzaleek 20 milioi eurotik gorako inbertsioak hitzartu zituzten trenbideetan eta portuetan, eta PPk eta Ciudadanosek, bestalde, 34 milioi euroko inbertsioak adostu zuten Valentzian, Bartzelonan, Madrilen, Galizian eta Gaztela eta Leonen egin beharreko azpiegituretan.

UPNrekin, PPk ia 50 milioi euroko inbertsioak lotu zituen Nafarroako azpiegituretan.

Foro Asturiasekin lortutako akordioaren ondoren, bestalde, 61 milioi euro bideratuko dira erkidego horretara, eta 20 milioi ikatz sektorera.

Nueva Canariasek % 75eko hobariak adostu zituzten PPrekin, penintsulako eta penintsulatik kanpo dauden lurraldeen arteko bidaietarako, eta 5 milioi euro bananen garraiorako. Coalicion Canariak, bestalde, PPrekin lotu du zamaketarien sektorean negoziatzen ari diren hitzarmena adosteko epea luzatzea.

EAJk aurrekontuak onartu behar ez dituela esan du Sortuk

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak esan duenez, EAJk "orain arte eman duen hitza betez gero", Espainiako Aurrekontuak errefusatu egin beharko lituzke Katalunian 155ak indarrean jarraituz gero.

"EAJk negoziazioarik izan ez zela esatera iritsi zen, eta dagoeneko badakigu egon egon zela", kritikatu du. "Babes hori ezin daiteke eman", adierazi du, Espainiako Gobernuko presidentearen azken erabakiaren ostean.

PP, Katalunian "irmotasuna" izatearen alde

Javier Marotoko PPko Politika Sozial eta Sektorialeko idazkariordeak "irmotasunez" erantzutearen alde egin du, Quim Torraren Gobernuak Katalunian eragindako egoeraren aurrean, baina "alderdi konstituzionalisten batasunetik".

Halaber, Marotokok EspainiakoAurrekontuen balizko onarpenari buruz hitz egin du; "nahiago nuke onarpena ahalbidetuko duen adostasuna zabalagoa izatea, eta PSOEri ere eragitea", esan du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV PP Espainiako Gobernua Espainia argazkiak Ekonomia albisteak Aurrekontu Orokorren azken ordukoa