Politika -

Zalantza

Kongresuak Aurrekontuen azken bozketa egingo du gaur, EAJk zer egingo duen ikuskizun

Jeltzaleek PPrekin bat egin zuten atzoko bozketan, baina azpimarratu dute 'azken unera arte' ez dutela erabakiko kontuak babestu ala ez.

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordea atzo Kongresuan. Argazkia: EFE
Soraya Saenz de Santamaria. Argazkia: EFE
Denek ziurtzat ematen dute EAJk Espainiako aurrekontuak babestuko dituela

1:20

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zirt edo zart, baina gaur argituko da dena. Diputatuen Kongresuan gaur egingo dute 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorren azken bozketa, eta EAJk oraindik ez du argitu zer egingo duen.

Atzo egindako lehen bozketan, EAJk PPrekin bat egin zuen. Hori gorabehera, EAJk Kongresuan duen taldeak nabarmendu du ez duela erabakita zer bozkatuko duen gaur. 155a indarrean dago Katalunian, eta horren kontra dago Euzko Alderdi Jeltzalea. Alderdi katalanek "irmo mantentzeko" eskatu diote EAJri.

Alderdi Popularrak eta Ciudadanosek egintzat ematen dute jeltzaleen babesa. Cristobal Montoro Ogasun ministroak, esaterako, "eskerrak" eman zizkien aurrekontuak babestu zituzten taldeei: "Bereziki aipatu nahiko nituzke 2017an kontuen alde egin zuten alderdiak, eta itxura guztien arabera, aurten ere alde bozkatuko duten horiek".

Atzoko lehen bozketan Energia, Ogasuna, Sustapen eta Enplegu ministerioetako kontuak babestu zituzten Aurrekontuak babestu dituzten indarrek (PP, Ciudadanos, EAJ, UPN, Foro Asturias, Coalicion Canaria eta Nueva Canarias). Era berean, proiektuan 41 zuzenketa barneratzeko bat egin zuten.

Bestaldean, PSOE, Unidos Podemos, Esquerra Republicana, PDeCAT, Compromis eta EH-Bilduk kontrako botoa eman zuten, baina hiru baja izan zituzten (bi Unidos Podemosen eta bakarra, PSOEn).

Sail bakar bat atzera botatzea nahikoa da proiektu osoa hondatzeko

Kongresuak Aurrekontuen proiektua baliozta dezan hiru bozketa erabakigarri daude; atzokoa izan zen lehena.

Estatuko Aurrekontu Orokorrak ez dira lege organikoa, eta, beraz, atalka bozkatzen dira, eta bozketa erabakigarri guztietan gehiengo osoa behar da. Sail bakar bat atzera botatzea nahikoa da Espainiako Gobernuaren proiektu osoa hondatzeko.

Atal guztiak onartuta emango dio Ganberak argi berdea proiektuari, eta Senatura bidali. Goiko Ganberan gehiengo osoa du Alderdi Popularrak, eta han ez da oztoporik espero.

Dena ondo bidean, ekaina amaieran sartuko dira indarrean 2018ko aurrekontuok, 2017tik luzatuta daudenak ordezkatuz. Kongresuak ekainaren 26 eta 28 artean egingo den bilkuran berretsi beharko ditu, behin betikoz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Katalunia Politika EAJ-PNV Mariano Rajoy Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Albisteak Gaur Albisteak Espainiako Aurrekontu Orokorrak