Politika -

Zigortua

Valtonyc rap-kantariak Belgikara alde egin du espetxean sartu baino lehen

“Desobeditzea legitimoa da eta betebehar bat Estatu faxista honen aurrean”, adierazi du rap-kantariak asteazken honetan, Twitter sare sozialean.

Valtonyc rap-kantaria. Artxiboko irudia: EiTB
Valtonyc rap-kantaria. Artxiboko irudia: EiTB
Valtonyc rap-kantaria. Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Valtonyc Mallorcako rap-kantariak Belgikara alde egin du kartzelara sartzeko bezperan. Auzitegi Nazionalak 10 eguneko epea eman zion 3 urte eta erdiko espetxe-zigorra betetzen hasteko. Terrorismoa goratu, Koroari egindako irain eta mehatxuengatik zigortu dute.

TV3 telebistak ingurukoen iturriak aipatuz jakitera eman duenez, Josep Miquel Arenas Valtonyc-ek Estatutik alde egin du, Espainiako Justiziatik ihes egiteko asmoz.

“Desobeditzea legitimoa da eta betebehar bat Estatu faxista honen aurrean”, adierazi du rap-kantariak asteazken honetan, Twitter sare sozialean.

“Bihar da eguna. Bihar nire etxearen atea botako dute kartzelan sartzeko. Abesti batzuengatik. Bihar Espainia barregarri geratuko da berriro. Ez diet hain erraz jarriko”, idatzi du raperoak.

 

Asteazken eta ostegun honetan elkarretaratzeak deitu dituzte Madril, Bartzelona, Zaragoza, Vila-real, Girona, Alacant eta Castellon, Valtonyci babesa adierazteko, sare sozialen bidez elkartasun taldeek jakinarazi dutenez.

 

Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren (GEEA) aurrean eskakizuna aurkeztu du abeslariaren defentsak, helegitea ebatzi bitartean espetxeratzeko agindua bertan behera uzteko. Prestatzen ari den helegitean, zigorra baliogabetzea eskatuko du rap-kantariaren abokatuak, bere adierazpen askatasun eta sormen eskubideak urratu dituztela argudiatuta.

Orain dela gutxi “guardia zibil putaseme bat” hiltzera eta “fiskalari lehergailu puta bat jartzera” animatu zuen Valtonyc-ek taula gainetik, Guardia Zibilaren elkarteek salatu dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Auzitegi Gorena Belgika Epaiketak Musika Albisteak Espetxeen albisteak gaur Estrasburgoko Auzitegia epaiak