Politika -

Aurrekontuei babesa

Ortuzar: 'Aurrekontu gabe, luzaro edukiko genuke 155a; onartuta, epe labur batean'

EAJren EBBko buruak aitortu duenez, atzoko erabakiak 'argi-ilunak' ditu, baina 'ona da Euskadirentzat eta Kataluniarentzat'.

Ortuzar, Dani Alvarezen galderei erantzuten. Argazkia: Radio Euskadi
Andoni Ortuzar. Argazkia: Radio Euskadi
Ortuzar, Dani Alvarezen galderei erantzuten. Argazkia: Radio Euskadi

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak atzo jeltzaleek Estatuko Aurrekontu Orokorrak babestu izanaren erabakia defendatu du ostegun honetan. Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, Espainiako aurrekontuak onartzea "ona da Euskadirentzat eta Kataluniarentzat; aurrekontu barik, luzaro edukiko genukeelako 155a, baina orain uste dugu epe labur batean izango dela indarrean".

Ortuzarren aburuz, aurrekontuen kontra bozkatzeak Katalunian 155. artikulua "sine die luzatzea" suposatzen zuen, Rajoyri "negoziatzeko aukerarik gabe" utzita. "Orain, ordea, katalanek aukera gehiago dituzte erabakiak hartzen joateko, eta Espainiako presidentea askeago ibili ahalko da, Ciudadanosen presioa gorabehera".

Albert Riveraren alderdia hizpide, aurrekontuak onartzeak "Ciudadanosen arriskua denbora batez urrundu" duela uste du EAJren buruzagiak.

Kataluniako auzia ahotan, Ortuzarrek azpimarratu du bi aldeek —Katalanek zein Rajoyk— 155a "altxatu" nahi dutela, eta "denbora kontua" dela iritzi dio. Azaldu duenez, azken sei hilabeteotan 155a kentzeko "ahaleginak" egin ditu EAJk, eta "zenbaitetan lortzear" egon direla, baina azkenean "ezerezean" geratu dela dena.

"Orain Kataluniak bere erabakiak hartu behar ditu, eta guk errespetatu behar ditugu, baina eurekiko dugun konpromisoa ahaztu gabe. Guk bestela egingo genukeen", aitortu du.

Kongresuak atzo onartutako aurrekontuak "Euskadirentzat onak" direla azpimarratu du Ortuzarrek, 540 milioiko inbertsioa dakartelako. Pentsiodunek eskaerez galdetuta, "gehiago" eska daitekeela esan du, baina "Toledoko Mahaia" aipatu du hori negoziatzeko eremu gisa.

Autogobernu Lantaldea

Asteazkenean EH Bildurekin lortutako beste akordioaz —Estatutu berriaren hitzaurrea adostu zuten bi alderdiek—, Ortuzarrek esan du atariko horrek ez duela Gernikako Estatutuarekin alderatuta "elementu berririk", "ez da amildegira egindako jauzia", erantsi du.

Ingurumaria horretan, PSE-EEren kritikek zalantza eragin diote Ortuzarri, aitortu duenez. "Orain esaten dutena entzunda, pentsa liteke gaur gaurkoz ez luketela onartuko. Gernikako Estatutuan jasota dauden gauzak ari dira ezbaian jartzen", azaldu du.

EAJren EBBko presidentearen esanetan, "hasierako fasean gaude, atzokoa ez zen negoziatzeko edo amore emateko unea, akordioa bilatzearena baizik".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Politika EAJ-PNV Alderdi Popularra Andoni Ortuzar Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Espainiako Aurrekontu Orokorrak