Politika -
Galdeketa Podemosen
Podemoseko militanteek Iglesias eta Montero babestu dituzte
% 68,42k alde bozkatu du; % 31,58, berriz, aurka. Barne-galdeketako parte-hartzea zuzendaritzak aurreikusitakoa baino handiagoa izan da.
Agentziak | Erredakzioa
Podemoseko militanteek Pablo Iglesiasek eta Irene Monterok haien karguetan jarraitzearen alde bozkatu dute. Hala, Iglesiasek alderdiko idazkari nagusi izaten jarraituko du, eta Montero Diputatuen Kongresuko bozeramailea izango da. % 68,42ak alde bozkatu du; % 31,58ak berriz, aurka. Barne-galdeketako parte-hartzea zuzendaritzak aurreikusitakoa baino handiagoa izan da.
Iglesiasek eta Monterok Madrileko Galapagar herrian erositako txaletaren argazkiak eta datuak hedabideetan zabaldu ostean sortutako polemika kontuan izanik, barne-galdeketa deitu zuten bikotearen sinesgarritasunari buruz.
Pablo Echenique Podemoseko Antolakuntza idazkariak argitaratu ditu prozesuaren emaitzak Facebook sare sozialaren bidez.
Datu horien arabera, alderdiko 128.300 kidek bozkatu dute bien alde (% 68,42); 59.224 (% 31,58) kidek, ordea, dimisioa eman behar dutela adierazi dute.
652 pertsonek boto zuria eman dute, parte-hartzaileen % 0,35ek. 487.772 militante zeuden bozkatzera deituta.
Honako galdera honi erantzun behar izan diote: "Pablo Iglesiasek eta Irene Monterok Podemosen idazkaritza nagusian eta Kongresuko bozeramailetzan jarraitu behar dutela uste duzu?".
Galdeketan ez dute Galapagarren erositako etxebizitza aipatu. Izan ere, bi buruzagien esanetan, kontsultan ez dute zein etxetan bizi behar duten galdetu nahi, hartutako erabaki pertsonalek haien karguetan jarraitzeko sinesgarritasuna ematen dieten ala ez, baizik.