Politika -

Zentsura-mozioa

EAJk babestu egingo du zentsura-mozioa; PSOEk boto nahikoak ditu Rajoy erorarazteko

Mariano Rajoyren kontrako zentsura-mozioa ostiral honetan bozkatuko dute, eta alderdi hauen babesa izango du: Podemos, ERC, PDeCAT, EAJ, EH Bildu, Compromis eta Nueva Canaria.

Aitor Esteban EAJko bozeramailea, gaurko saioan. Argazkia: EiTB
Aitor Esteban EAJko bozeramailea, gaurko saioan. Argazkia: EiTB
Aitor Estebanen (EAJ) agerraldi osoa

14:02

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitor Esteban EAJko bozeramaileak baieztatu du alderdi jeltzaleak babestu egingo duela Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen aurka Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak aurkeztutako zentsura-mozioa. Horrela, alderdi sozialistak babes nahikoak ditu PPren Exekutiboa erorarazteko.

EAJko bost diputatu jeltzaleen botoa giltzarria izango da ostiraleko bozketan mozioak aurrera egin dezan.

Zentsura-mozioaren eztabaidan, Estebanek aitortu du erabaki zaila izan dela, Estatu mailako lau alderdi nagusiek hilabeteak eman baitituzte "tsunamiak sortzen", eta erabaki hori jeltzaleen bizkarrean uzten saiatzen.

EAJko bozeramailearen hitzetan, mozioaren kontra bozkatzeak ez luke egonkortasun handiagorik bermatuko, batik bat kontuan hartuta Podemosek beste zentsura-mozio bat aurkeztuko lukeela Sanchezenak porrot egingo balu. Gainera, auzitegietatik oraindik albiste ugari helduko direla gaineratu du.

"Uste dugu erantzun egiten diogula euskal gizartearen gehiengoaren nahiari", adierazi du Estebanek, eta Sanchezek promestutako elkarrizketa “benetakoa” izatea espero duela nabarmendu du.

Rajoyren aurka bozkatzeko arrazoien artean, Gurtel auziaren epaia eta Espainiako egoera ekonomikoa aipatu ditu, eta testuinguru politiko honetan arrisku-primak gora egin duela gogoratu du.

Legedian egin beharreko aldaketak EAJrekin ados ditzala eta Estatuaren egiturari buruzko gatazka elkarrizketaren bidez konpon dezala eskatu dio Estebanek Sanchezi.

Era berean, zentsura-mozioak aurrera egiten badu, PSOEk ibilbide zaila izango duela iritzi dio, 85 diputaturekin soilik gobernatu beharko duelako, Podemosek ez diolako erraztasunik emango, Ciudadanosek hauteskundeak nahi dituelako eta parean PP "amorruz beteta" izango duelako.

Azkenik, Alderdi Popularrari zuzenduta, Senatuan Estatuko Aurrekontu Orokorraren tramitazioa oztopa ez dezala galdegin dio. "PSOEri leporatzen dioten arduragabekeriaz jokatzea izango litzateke hori", erantsi du.

PEDRO SANCHEZ

(Pedro Sanchez. Argazkia: EFE)

Pedro Sanchezek esan du aro berrian EAJ izango dela bere "lehentasunezko aliatua"

Bestalde, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak eskertu egin du jeltzaleen babesa, eta lege "aldaketak" egiteko, EAJ "lehentasunezko aliatua" izango dela esan du.

Sanchezek "ulermena eta enpatia" eskatu dizkio EAJri, eta PSOErekin harreman politiko berria hasteko prest egoteko.

Horrez gain, gobernatuz gero, EAJk Alderdi Popularrarekin eta Ciudadanosekin adostutako Estatuko Aurrekontu Orokorrak bere horretan utziko dituela agindu dio Sanchezek, 2019koak adosteko eta onartzeko balioko duelakoan.

Aitor Estebanek agerraldia amaitu duenean, EAJk oharra zabaldu du Rajoyren aurkako zentsura-mozioa babesteko arrazoiak azalduz.

Oposizioaren "gehiengo zabala" (Ciudadanos, PSOE eta Unidos Podemos) eta Kataluniako taldeak (ERC eta PDeCAT) Alderdi Popularraren Gobernuaren kontra agertu izana eta Gurtel auziaren epaia aintzat hartu ditu erabakia hartzerakoan.

EAJrentzat "onartezina" da ebazpen "larri" horren harian Alderdi Popularrak "erantzukizun politikorik onartu ez izana".

EH Bilduk ere baieztatu du Rajoyren kontrako zentsura-mozioaren alde bozkatuko duela, baina Marian Beitialarrangoitia diputatuak zehaztu du Rajoyren aurkako boto hori ezin dela Pedro Sanchezi emandako babes gisa ulertu, "biak ala biak alde berean daudelako eta inposizioan eta ukazioan oinarritutako erregimenaren parte direlako".

Koalizio suberanistaren iritzian, Rajoy Gobernutik kenduta ere, "ez dago Estatua demokratizatzeko alternatibarik".

ERC eta PDeCAT alderdiek ere babestuko dute Sanchezen zentsura-mozioa. Alabaina, Joan Tardak (ERC) eta Carles Campuzano (PDeCAT) bozeramaileek nabarmendu dute Rajoyren kontrako botoak izango direla eta Espainiako Gobernu berriak Kataluniarekiko jarrera politikoa aldatzea ezinbestekoa dela esan diote Sanchezi.

Horrela bada, alderdi hauek babestuko dute PSOEren zentsura-mozioa: Podemos, ERC, PDeCAT, EAJ, EH Bildu, Compromis eta Nueva Canaria.

Ciudadanos, Foro Asturias eta UPN, berriz, zentsura-mozioaren kontra agertu dira.

PABLO IGLESIAS

(Pablo Iglesias. Argazkia: EFE)

Pablo Iglesiasek PSOE eta Podemosen arteko koalizio-gobernua osatzea babestu du

Bestalde, Podemosekin koalizio-gobernua osatzeko eskatu dio Pablo Iglesiasek Pedro Sanchezi, honek ez dio erantzun zehatzik eman, baina bi alderdien arteko elkarlana datozen urteetarako izango den itxaropena agertu du, "ez soilik hilabete batzuetarako".

PSOEko buruzagiak argi utzi nahi izan du Podemosekin ez duela ezer negoziatu, baina zentsura-mozioa babestea eskertu dio. "Elkarren artean ulertzeko hasiera ona da", esan du.

Iglesiasek gogoratu du hainbat erkidego eta udaletxetan elkarrekin ari direla, eta honakoa erantsi du: "Zuk esaten duzu hauteskunde orokorrak deitu behar direla; nik esaten dizut hauteskunde horiek elkarrekin irabazi behar ditugula".

Sanchezek elkarlanean aritzeko jarrera eskertu dio eta ezkerrak hauteskundeak irabazteko baldintzak sortzeko gai izan behar direla adierazi du.

Alabaina, PSOEko buruzagiak "umiltasunez" eta "errealitatea aintzat hartuta" lan egin behar dutela esan dio, "herritarren itxaropenak ez zapuzteko".

ALBERT RIVERA

(Albert Rivera. Argazkia: EFE)

Hauteskundeak aurreratzeko akordioa egitea eskaini dio Riverak Sanchezi

Bestalde, Albert Riverak eskaera zehatza egin dio Sanchezi Kongresuan: Rajoyren kontrako zentsura-mozioa erretira dezala eta epe laburrean hauteskundeak dei ditzala, Ciudadanosen babesarekin, "Katalunian estatu-kolpea eman duten alderdien laguntzarekin gobernatzea saihesteko".

"Konponbidea ez da EH Bildurekin, Batasunaren lagun ohiekin, Puigdemontekin edo Torra jaunarekin agintzea", esan du Ciudadanoseko buruak.

Horrez gain, zentsura-mozioak aurrera egiteko EAJ konbentzitu izana leporatu dio, "Euskadin lehen eta bigarren mailako herritarrak daudelako eta horrek espainiar guztien arteko berdintasuna urratzen duelako".

Riverak PPren ustelkeriaren kontra egin du eta gogor kritikatu du Rajoyren jarrera. Legealdia modu ordenatuan amaitzeko, dimisioa emateko eta hauteskundeak deitzeko eskatu dio.

Inbestiduran, Estatuko Aurrekontuen bozketan eta 155. artikulua Katalunian ezartzerakoan babesa eman eta gero, Rajoyk egunotan Ciudadanosekin harremanetan jarri ez izana deitoratu du Riverak.

Erantzunean, Sanchezek adierazi du Ciudadanos PPren Gobernua "ezegonkortzeko" prest egon dela hauteskundeak aurreratzea lortzeko.

Zentsura-mozioaz hitz egiteko bi alderdiek egindako bilera batean hala jakinarazi zion Jose Manuel Villegas Ciudadanoseko idazkari nagusiak Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkariari, Sanchezek publiko egin duenez.

Soraya Saenz de Santamaria EFE

(Soraya Saenz de Santamaria eta Rajoyren eserlekua hutsik. Argazkia: EFE)

Alderdi Popularrak baieztatu du Rajoyk ez duela dimisiorik emango eta ostiraleko bozketan egongo dela

Bien bitartean, Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak ziurtatu du Mariano Rajoyk ez duela dimisiorik emango, horrek ez lukeelako bermatuko Alderdi Popularrak Gobernuan jarraitzea.

Rajoyk dimisioa emateko erabakia aztertzen ari zela zabaldu da azken orduotan, baina PPk gezurtatu egin du aukera hori.

"Dimisioa ematea alperrikakoa izango litzateke eta ez lioke inolako onurarik egingo ez Espainiari, ezta Alderdi Popularrari ere", esan du Cospedalek.

Dimisioa ematea Espainiarentzat edo PPrentzat ona izango balitz, Rajoyk dimititu egingo lukeela esan du, baina Parlamentuko aritmetika kontuan hartuta, PPko presidente bat izendatzea ezinezkoa da, azaldu du.

Halaber, Pedro Sanchez kritikatu du, Gobernuko presidente izan nahi duelako, "akordioak norekin egingo dituen eta bere programa zein izango den argitu gabe".

Sanchezek zentsura-mozioa "interes pertsonal eta alderdikoengatik" aurkeztu duela gaineratu du.

Rajoyk Kongresuaren ondoko jatetxe batean eman du arratsalde osoa, ministro batzuekin bilduta

PPren arabera, Rajoy ostiral honetan Diputatuen Kongresuan egingo duten bozketan izango da, arratsaldeko saioan parte hartu ez badu ere.

Zentsura-mozioari buruzko eztabaida goizean hasi da Kongresuan. Lehendabizi Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkariak hartu du hitza, ondoren Pedro Sanchezek eta azkenik Rajoyk.

Eztabaidaren lehen zatia amaituta, Rajoyk Kongresuaren ondoko jatetxe batean bazkaldu du, baina ez da joan arratsaldeko saiora eta horrek zeresan handia eragin du.

Espainiako Gobernuko iturriek esan dute iaz, Pablo Iglesiasek aurkeztutako zentsura-mozioaren eztabaidan, gauza bera egin zuela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV Mariano Rajoy Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak