Politika -
Kontrolatzaileen krisia
Zapatero ez da izango alarma egoera luzatzeko osoko bilkuran
Zapaterok deitutako ezohiko Ministro Bilera 19:00etan hasi da. Kongresuak ostegun honetan bozkatuko du eskaera. EAJk eta CiUk babesa emango diote, eta beraz, aurrera egingo du arazo barik.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak ez du alarma egoera luzatzea defendatuko Diputatuen Kongresuan, izan ere, Bruselara joan behar du Kontseilu Europarreko bilera batean parte hartzeko, Exekutiboko iturriek gaur jakitera eman dutenez.
Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuko presidenteordeak edo Ramon Jauregui Presidentetzako ministroak ezohiko egoera luzatzea eskatuko diote Ganberari, aire eremuko lasaitasuna bermatzeko.
Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluak gair arratsaldean eskatuko dio Kongresuari alarma egoera luzatzea, Jose Antonio Alonso PSOEko bozeramaileak baieztatu duenez.
"Gobernuak ezin du onartu greba basati arriskua eta bermatu egin behar du herritarren bidaiatzeko eskubidea, batik bat Gabonetan", esan du.
Ministro Kontseilua gaur goizean deitu du Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburuak. Hain zuzen ere, 19:00etan hasi da, Kongresuan zerga arloko jarduerei buruzko lege-dekretua bozkatu eta gero.
Dekretu horretan, Gobernuak gaineratu ditu aire kontrolatzaileen lan-bandintzen aldaketak, hots, langileon protestak eragin zituztenak.
Gobernuak alarma egoera luzatzea eskatu eta gero, Kongresuak oniritzia eman beharko dio, ostegun honetan. Dena dela, EAJk eta CiUk aurreratu dute babesa emango dutela, eta beraz, neurriak aurrera egingo du arazo barik.
Blancok laguntza eskatu dio Kongresuari
Gaur goizean, Jose Blanco Sustapen ministroak agerraldia egin du Behe Ganberako dagokion batzordean, krisiaz azalpenak emateko.
Bertan, Blancok babesa emateko eskatu dio Kongresuarim normaltasuna "iraunkortu" egiteko eta kaosa ez errepikatzeko.
Ministroaren esanetan, "kontrolatzaileek ezin dituzte kontrol dorreak abandonatu, medikuek ere ebakuntza baten erdian kirofanoak abandonatu ezin dituzten bezala".
Blancok uste du Konstituzioaren zubian gertatutakoa ez zela bat-batean erabakitakoa, mehatxu prozesu luzea baizik.