Politika -
Makro-epaiketa, Frantzian
30 urteko kartzela-zigorra,'Antza' eta 'Anboto' ETAko buruentzat
Fiskaltzak, halaber, Juan Cruz Maiza logistika taldeko bigarren buruarentzat 20 urteko kartzela-zigorra eskatu du, eta 5-15 urte ETAren arma-biltegiak hartzen zituzten lekuetako zazpi jabeentzat.
Erredakzioa
Frantziako Fiskaltzak 30 urteko kartzela-zigorra eskatu du Mikel Albisu Antza-rentzat eta Maria Soledad Iparragirre Anboto-rentzat, 2004an atxilotu zituztenean politika eta finantza taldeetako buruak zirela egotzita.
Zigor horren bi herenak betetzea eta, behin kartzelatik irtendakoan, Frantziatik betiko kanporatzea eskatu du fiskalak. Horrez gain, Juan Cruz Maiza logistika taldeko ustezko bigarren buruarentzat 20 urteko kartzela-zigorra eskatu dute. Fiskalaren arabera, ETAk Frantzian zituen arma eta lehergai biltegien ardura zuen 2002-2004 urteetan.
Fiskalak, halaber, 5 eta 15 urte bitarteko kartzela-zigorrak eskatu ditu ETAren arma-biltegiak hartzen zituzten gordelekuen zazpi jabeentzat. Azaroaren 15an hasi zen epaiketa.