Politika -

PSOE-ren gobernu berria

Sanchezek Berdintasun Ministerioa eta 'besteren bat' berreskuratuko ditu

Abalos PSOEko Antolaketa idazkariak iragarri duenez, erakunde konstituzional eta administratiboetan Podemos eta beste indar politiko batzuk sartzeko prest daude.

Sanchez, gaur, presidente gisa izan duen ekitaldi ofizialean. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako presidente berria. EFE
Sanchez, gaur, presidente gisa izan duen ekitaldi ofizialean. Argazkia: EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Abalos PSOEko Antolaketa idazkariak astelehen honetan aurreratu duenez, Pedro Sanchezek Berdintasun Ministerioa berreskuratzeko asmoa du osatzeko dagoen Exekutiboaren organigraman.

Antena 3 telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean iragarri duenez, "Berdintasun Ministerioarekin batera, besteren bat berreskuratuko du presidenteak gaur egungo egoerak eta Gobernu honen sentsibilitateak eskatzen duen moduan". Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente sozialistak sortu zuen Berdintasun Ministerioa (2008), baina bi urte geroago kendu zuen.

Abalosen esanetan, gobernu berrian PSOEko kideak edo alderdiarekin harremana duten independenteak bakarrik sartuko ditu Sanchezek. Dena dela, Podemos eta beste indar politiko batzuetako kideak berritzeke dauden erakundeetan sartzeko prest agertu da. Hala nola, erakunde konstituzionaletan (Auzitegi Konstituzionala edota Botere Judizialeko Kontseilu Orokorra), administrazioko bigarren mailako postuetan eta Espainiako Irrati eta Telebista Publikoaren Kontseiluan.

"Erakunde konstituzional batzuetan eta beste batzuetan Podemos edo beste alderdietako kideak egon daitezke", azaldu du. Gogorarazi duenez, Gobernu berriak 84 diputaturen babesa du bakarrik, eta hori dela eta, "behartuta" daude "asko partekatzera". "Saiatu behar gara, eta denak hartu behar ditugu kontuan", erantsi du.

Abalosek ez du argitu bera edo Margarita Robles Kongresuko bozeramailea ministro izango ote diren. Aitortu duenez, "Pedro Sanchezek gidatutako proiektuan" ikusten du berak bere burua.

PSOEko hainbat baroiek eskatutako hauteskundeei buruz galdetuta, buruzagi sozialistak esan du "hauteskundeak nahi dituen alderdi bakarrak 32 diputatu" dituela (Ciudadanos). Nolanahi ere, Sanchezen Gobernuak "herritarrei ahotsa emateko" borondatea duela esan du, baina epea zehaztu gabe; "posible denean".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Feminismoa