Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Altsasu Auzia: gaur atxilotutako lau gazteak, espetxera, ekainak 6

Politika

ALTSASUKO AUZIA

Altsasun atxilotutako lau gazteak espetxeratzeko agindu du epaileak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

2018/06/05

Ihes egiteko arriskua dagoela argudiatuta, Fiskalak gazteak berehala espetxeratzeko eskatu du Auzitegi Nazionalean egin den saio azkarrean, eta epaileak ontzat eman du eskaera.

1:31
  • Whatsapp
  • Bidali

Guardia Zibilak gaur goizean Altsasun atxilotutako lau gazteak berehala espetxeratzeko agindua eman du Auzitegi Nazionalak, EFE berri-agentziak zabaldu duenez.

Arratsaldean saio azkarra egin dute kautelazko neurriak aztertzeko. Fiskalak eskatu bezala, guztiak kartzelako agindua eman du epaileak, ihes egiteko arriskua dagoela iritzita. Madrilgo Soto del Real espetxera eraman dituzte.

Bederatzi eta hamahiru urte bitarteko kartzela-zigorrak zizkieten, 2016an bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin Altsasuko taberna batean izandako liskarragatik.

Gaur atxilotu eta espetxeratutako gazteak Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Aratz Urrizola eta Iñaki Abad dira. Gainerako hiru zigortuek urtebete eta erdi daramate jada kartzelan. Ainara Urkijori, berriz, bi urteko zigorra ezarri zioten eta ez du espetxera joan beharko.

Horrenbestez, Altsasuko auzian zigortutako zortzi gazteetatik zazpi kartzelatu dituzte.

Defentsako abokatuek azpimarratu dute gazteek ez diotela inoiz uko egin Justiziarekin kolaboratzeari, ezta Fiskaltzak haientzat orain ezarritakoak baino zigor handiagoak eskatu zituenean ere.

Halaber, guztiek lan bat dutela eta epaia irmoa ez dela eta, ondorioz, gazteen errugabetasun-printzipioa indarrean dagoela argudiatu dute.

Alabaina, epai-mahaiak uste du ebazpenak agerian utzi dituela haien kontrako kriminalitate zantzuak eta, epaia irmoa izan ez arren, ihes egiteko arriskua egon badagoela.

Lanpostu bat izanagatik eta familia eta lagunak Altsasun izanagatik, ihes egin dezaketela uste du epai-mahaiak.

Gurasoek erantzun bateratua eta argia eskatu dute

Atxilotutako gazteak Auzitegi Nazionalean zeuden bitartean, haien gurasoek agerraldia egin dute Altsasun. Gaur goizean Guardia Zibilak egin duen polizia-operazioa "neurriz kanpokoa" eta "beharrezkoa ez" zela salatu dute, "ihes egiteko arriskurik ez zegoelako".

"Justizia guztiontzat berdina ez dela berdina ikusi dugu. Kasu batzuetan fidantzak eta askatasuna; gurean, atxiloketak eta kartzelaratzeak", kritikatu dute.

Hori dela eta, "erantzun bateratua, argia eta indartsua" emateko unea iritsi dela azpimarratu dute, arratsalde honetan Altsasun egin duten agerraldian.

"Min handia" egiten ari zaizkiela esan dute, baina min hori jendearengandik jasotzen duten "maitasunarekin, babesarekin eta elkartasunarekin" gainditzen dutela erantsi dute.

Halaber, gaurko polizia-operazioa "neurriz kanpokoa" eta "beharrik gabekoa" izan dela kritikatu dute. "Ihes egiteko arriskurik ez zegoen; hori atxiloketak egiteko aitzakia izan da", gaineratu dute.

"Indar erakustaldia egin nahi izan dute. Eta Iñaki, Aratz, Julen eta Jon Ander atxilotzearekin ez dute nahikoa izan. Atxiloetuei elkartasuna erakutsi diegun herritarrak identifikatu eta mehatxatu egin gaituzte, borrekin jo eta isunak jarri dizkigute. Botere abusu bat eta Altsasuko herriaren aurkako beste eraso bat izan da", salatu dute.

"Gorroto dinamika batean kateatu nahi" dituztela ohartarazi dute. "Baina gu ez gara haien bezalakoak eta Altsasuko, Nafarroako eta Euskal Herriko kaleak modu aldarrikatzaile eta plural batean betetzen jarraituko dugu, gero eta gehiago garelako", adierazi dute.

Beren seme-alabak nola atxilotu eta espetxeratzen dituzten ikusita, "besoak gurutzatuta" gelditu ezin direla nabarmendu eta erantzun "bateratuta, argia eta indartsua" emateko deia egin dute.

"Neurriz kanpokoa eta beharrik gabea izan da gaurkoa, herriarekiko bortitza eta oso mingarria. Gure herriko lau lagun eraman dituzte. Ezin gara besoak gurutzatuta geratu. Erantzun bateratu, argi eta indartsua emateko unea da. Altsasun, Nafarroan eta Euskal Herrian erantzun behar dugu, Estatuko gainerako herrien laguntzarekin", azaldu dute.

Ildo horretan, Altsasun eta Euskal Herriko herri ezberdinetan gaurko antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko eta ekainaren 16an Iruñean deitu duten manifestaziora joateko deia egin dute.

BIDEOA | Altsasuko gazteen gurasoen agerraldia:

 

Protesta jendetsuak Altsasun eta Iruñean

Horrela, gazteen senideek deitutako mobilizazioekin bat egin dute milaka pertsonak Altsasun eta Iruñean, arratsaldean.

Altsasun, gazteen askatasuna eskatzen zuen pankarta batek manifestazioaren buruan izan da. Gainera, "muntai polizialik ez" irakur zitekeen. Era berean, beste mezu batzuk erakutsi dituzte manifestariek, "alde hemendik" esaterako, Estatuko Segurtasun Indarrei erreferentzia eginez.

Zortzi zigortuen askatasuna aldarrikatu dute manifestariek, eta "hau ez da justizia" bezalako oihuak egin dituzte.

Antzeko mezuak erakutsi dituzte eta entzun dira Iruñean. Gazteluko plazan elkarretaratzea egin ondoren, Alde Zaharretik manifestazioa egin dute parte-hartzaileek.

Elkarretaratzeak "Altsasukoak askatzeko" eskatu du. "Iruña Altsasurekin" eta "alde hemendik, utzi bakean" bezalako oihuak egin dituzte. Gainera, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez, '#ez da posible' mezuarekin orriak banatu dituzte.

 

 

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena