Politika -
Epaia
Frantziak 20 urteko espetxealdia ezarri die 'Antza'ri eta 'Anboto'ri
ETAko zuzendaritza politikoaren eta finantzarioaren arduradunak izateagatik zigortu ditu Parisek.
Erredakzioa
Frantziak 20 urteko kartzela-zigorra ezarri die Mikel Albisu Antza-ri eta Maria Soledad Iparragirre Anboto-ri ETAko zuzendaritza politikoaren eta finantzarioaren arduradunak izateagatik.
2004ko urriaren 3an atxilotu zituzten, eta Pariseko Auzitegi Kriminalaren arabera, gutxienez zigorraren bi heren bete beharko dituzte.
Behin zigorrak betetzen dituztenean, 49 urteko Albisu eta Iparragirre bikotea Frantziatik behin betiko kanporatuko dute.
Hala ere, hasieran fiskalak eskatutako zigorra ez du ezarri auzitegiak. Izan ere, bakoitzarentzat 30 urteko espetxe-zigorra eskatu zuen fiskalak, erakunde terrorista bat zuzentzeagatik Frantzian ezar daitekeen zigorrik handiena, alegia.
Gainera, Juan Cruz Maizari 17 urteko kartzela-zigorra ezarri diote epaileek, ETAko arma eta lehergaien gordelekuen arduradun ohia izateagatik. Aringarririk eskatu baino lehen zigorraren bi heren espetxean eman beharko dituela adostu dute. Era berean, zigorra betetzen duenean Frantziatik kanporatuko dute behin betiko.
Beste zazpi auzipetu erruduntzat jo dituzte, guztiak Iparraldeko eraikuntzen jabeak, non ETAk armak eta lehergaiak gorde zituen. Armategiak 2004ko urriaren 3an topatu zituzten. Epaiketa azaroaren 15ean hasi zen.