Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Trebiñu Araba izatea eskatu dute euskal alderdi guztiek

Politika

Trebiñu

Trebiñu Araba izatea eskatu dute euskal alderdi guztiek

Agentziak | Erredakzioa

2018/06/14

Halere, helburu hori lortzeko eman beharreko pausoetan ez dira bat etorri; konderrian kontsulta bat egiteko edota lantalde instituzional bat sortzeko proposamenak izan dira.

  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Lebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiek Trebiñu Burgosko barrendegia Araban sartzea defendatu dute, ostegun honetan. Halere, helburu hori lortzeko eman beharreko pausoetan ez dira bat etorri; konderrian kontsulta bat egiteko edota lantalde instituzional bat sortzeko proposamenak izan dira.

EH Bilduk beste osoko bilkura bat bultzatu du Eusko Legebiltzarrean, Trebiñuren etorkizunari buruz. Barrendegia bi udalerrik osatzen dute, Trebiñuk eta Argantzonek; 2.000 bizilagun ditu, eta geografikoki Araban dago, 222,6 kilometro karratuko hedadurarekin; Gasteiztik 17 kilometrora dago, eta Burgosetik 100 ingurura.

Osoko bilkurak EAJri eta PSE-EEri osoko zuzenketa bat jartzea onartu du, eta Legebiltzarrak erakunde guztiak hartzen dituen lantalde bat sortzea eskatu du, lege organiko bat barnean hartzen duen ebazpen proposamen bat gauzatzeko. Geroago, Gorteek onartu dezaten, Trebiñu Araban sartzeko egun dauden mugak aldatzeko.

Elkarrekin Podemos eta PP abstenitu egin dira, eta EH Bilduk aurka bozkatu du.

Eusko Legebiltzarra saiatu zen bide hori egiten 2014ko azaroaren 18an, barrendegia Araban sartzea proposatzen zuen lege-proposamena aintzat hartzea eskatu zuenean Diputatuen Kongresuan, baina errefusatu egin zen, PPk eta PSOEk kontra bozkatu zutelako.

EH Bilduren jatorrizko mozioa ez dute onartu. Eusko Jaurlaritzari, Gaztela eta Leongo Gobernuari eta Espainiakoari Trebiñuko biztanleek "demokratikoki erabakitakoa" onartzeko eskatzen zien koalizioak; horrek haien etorkizuna erabakitzeko "baldintza bakarra" izan beharko lukeela nabarmendu zuen.

Halaber, Elkarrekin Podemosen zuzenketa errefusatu dute; bertan Espainiako Gobernuari legezko erreferenduma deitzea eskatzen zitzaion, bi udaletako herritarrek haien iritzia eman dezaten Arabaren parte izateari buruz.

PPk ere ez du lortu eskatutako zuzenketa onartzea. Elkarrizketa, estatutuen arteko errespetua eta Euskadi eta Gaztela eta Leonen arteko lankidetza eskatzen zuen, barrendegiaren errealitatearen gain.

Desadostasunak

Eztabaidan, alderdi guztiek esan dute Trebiñuk Arabako probintziaren parte izan beharko lukeela. Euskadiko PP ez da Gaztela eta Leongo popularrekin bat etorri gai honetan.

Halere, EH Bilduk trebiñutarren erabakitzeko eskubidearen alde egin du, zein lurralderen parte izan nahi duten adierazi dezaten. Halaber, politikoki gune horretan interesik ez izatea deitoratu du, landa ingurukoa delako, bizilagun gutxi dituelako eta botorik ez duelako, esan du Eva Lopez de Arroyabe legebiltzarkideak.

Horrez gain, EAJri 2018ko aurrekontuak adostean Trebiñuren etorkizuna PPrekin ez negoziatzea leporatu dio, baita PSOErekin ere ez adostea, Mariano Rajoyren aurkako zentsura-mozioa babestu zuenean.

Horren harira, Elkarrekin Podemosek errefenduma eta lege organiko bat eskatu ditu, lurraldeko mugak aldatzeko. Gainera, oinarrizko zerbitzuetan bizilagunek sufritzen duten diskriminazioa salatu du Edurne Garcia diputatuak.

Juan Carlos Ramirez-Escudero nazionalistak eta Txarli Prieto sozialistak argi utzi dute kontsulta batek ez lukeela arazoa konponduko, irtenbidea elkarrizketan oinarritutako lege organiko bat egitea delako, administrazio guztien artean.

Bestalde, Carmelo Barriok (PP) ere argi utzi du Trebiñuko arazoari arlo instituzionaletik jarri behar zaiola irtenbidea. "Nahiago nuke behin betiko pausoak eman izango balira Araban sartzeko", azpimarratu du.

 


 

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena