Politika -
Batzorde Nazionala, Bilbon
Patxi Lopezek 'ekintzak' eskatu dizkio ezker abertzaleari
Gainera, adierazi duenez, "ezker abertzalea bide onean ari da" baina oraindik dauka "biderik egiteko" eta, jakin, badaki "politika egin nahi badu ETArekin dituen loturak hautsi" behar dituela.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak berriz ere esan du ezker abertzalea "bide onean" ari dela baina oraindik daukala "biderik egiteko"; horretarako, "ekintzak" eskatu ditu. Halaber, "demokrata guztiei nahasten" ez uzteko, "arinegi ez jokatzeko" eta "hauteskundeen ondorengo kalkuluak" ez egiteko eskatu die.
PSE-EEk Bilbon egin duen Batzorde Nazionalean lehendakariak esan duenez, "demokraziaren irmotasuna, indarkeriaren aurrean zero tolerantzia eta beldurrezko egoera horretako parte zirenei" zuzendutako eskakizunak mantendu behar dira. Egoera horretan "ETAk badaki bere aukera bakarra desagertzea dela" eta ezker abertzaleak ere "badaki, benetan, politika egin nahi izatekotan, ETArekin dituzten loturak hautsi behar dituztela".
Halaber, "legea betetzea eta oinarri demokratikoak barneratzea ez da soilik estatutu batzuk aurkeztea" baizik eta "indarkeriarekiko lotura behin betiko apurtzea, hori gaitzestea eta desagertzeko lan egitea, indarkeria eta politika guztiz bateraezinak direlako".
"Hitzekin ez ezik, ekintzekin ere erakusteko" eskatu die lehendakariak. "Hori da demokrata guztiok beti exigitu behar dugun gutxienekoa, iruzur egitea utzi gabe, arinegi jokatu gabe, huts egin gabe eta, batez ere, hauteskundeen ondorengo kalkuluak alde batera utzita", azpimarratu du.
Ezker abertzalea "bide onean" ari dela azpimarratu du, baina "oraindik bidea dute egiteke". "Ez gaitzatela nahastu, ez dezagun arinegi jokatu, haiek baitira zeozer erakutsi behar dutenak, ez demokratok", adierazi du.