Politika -
'Alderdien Legea beteko du'
Ezker abertzaleak urtarrilean aurkeztuko du alderdi berria
Txelui Moreno ordezkariaren hitzetan, "Alderdien Legea goitik behera" beteko duen alderdia aurkeztuko dute urte hasieran.
Erredakzioa
Urtarrilean aurkeztuko du ezker abertzaleak hauteskundeetan egon ahal izateko alderdi berria. Txelui Moreno ordezkariaren esanetan, alderdi berri honek "Alderdien Legea goitik behera beteko du". Bere hitzetan, "aurrez aurre" joango da ezker abertzalea eta ez du "zirrikiturik" erabiliko.
Txelui Morenok, Marine Pueyok eta Xanti Kirogak agerraldia egin dute Iruñan. Eskatzen zaizkion "baldintza legal" guztiak beteko dituztela azpimarratu du Morenak. "Ahal dugun guztia egingo dugu alderdi legal hori sortzeko", gaineratu du Pueyok.
Ezker abertzaleak hasitako bideak "atzera bueltarik" ez duela azpimarratu du Txelui Morenok. Hartutako erabakia "oso garrantzitsua dela" nabarmendu du .
Honen harian, "baikor" agertu da kazetarien aurrean, "askok, egiten ari garen mugimendua, begi onez ikusten dutelako". Hala ere "oztopoak jartzen dituztenak ere" hor daudela esan du.
"Bide horretan jarraitzeko hainbat arrazoi ditugu, eta bide horri eutsiko diogu", berretsi du.
Bestalde, Conde Pumpidoren adierazpenak ere salatu dituzte. Fiskalaren hitzetan, alderdi berriak legea betetzea ez da nahikoa izango hauteskundeetan egon ahal izateko. Conde Pumpido "kartzelan sartzeko moduko hitzak" direla uste du Morenok.