Politika -
ALTSASU AUZIA
Barkosek uste du atzo Iruñean izandako manifestazio erraldoiak erantzuna behar duela
Atzo 80.000 lagun kalera irten eta gero, Nafarroako presidenteak esan du mobilizazio horrek agerian utzitakoa ukaezina dela eta ardura publikoa duen edonork erantzun egin beharko lukeela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak esan du atzo Altsasuko zortzi gazteen epaia salatzeko nahiz justizia eskatzeko Iruñean egindako manifestazioak agerian utzitakoa "ukaezina" dela. Izan ere, 80.000 lagun bildu ziren manifestazioan, antolatzaileen esanetan.
"Ardura publikoa duen edonork manifestazio horretan eskatutakoa errespetuz entzun eta erantzun" behar duela ere gaineratu du Barkos presidenteak.
Halaber, gogora ekarri du "justizia eta proportzionaltasuna" eskatu zirela, "ez inpunitatea".
PPNk egindako kritikengatik galdetuta -"Justiziaren kontrako manifestazio bat babesteagatik", Barkosek ez duela "bere kargua merezi" esan zuten- presidenteak erantzun du ez dela alderdi popularra "honelako eskaerak egiteko alderdirik egokiena".