Politika -
2019KO UDAL HAUTESKUNDEAK
Reyes Carrere aurkeztu du EH Bilduk Donostiako alkategai
Eskubaloiko jokalari eta entrenatzaile ohiak Donostia "orekatua, koloretsua, librea, justua eta feminista" defendatu du, "pisu bat alokatzea erokeria izango ez den hiri bat".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EH Bilduk Reyes Carrere eskubaloi-jokalari eta entrenatzaile ohia aukeratu du Donostiako alkate izateko eta gaur aurkeztu du Miraman jauregian.
Donostia "orekatua, koloretsua, librea, justua eta feminista" defendatu du Carrerek, "pisu bat alokatzea erokeria izango ez den hiri bat" eta "pintxoak jatera joateko soldata extrarik beharko ez dena". Arreta berezia jarri nahi du hiriko denda txikietan eta gazteengan ere, "bizi ahal izateko Donostiatik alde egitera behartuta egon ez daitezen".
Miramar jauregian egin den ekitaldian, Juan Carlos Izagirre, Gipuzkoako ahaldungai nagusia eta Martin Garitano ahaldun izandakoa, Maddalen Iriarte Legebiltzarreko bozeramailea, Ester Larrañaga Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia eta Donostiako zinegotziak ere izan dira, besteak beste.
"Donostia Kontxako barandilla baino askoz ere gehiago da" esan du Carrerek, "bertan bizi eta gozatzen duen jendea da Donostia, bere behar eta kezkekin. Esperientzia kolektibo bat da, bizitza ulertzeko eta sentitzeko modu bat. Kolektibotik, herrigintzatik, auzoetatik, parke eta polikiroldegietatik. Ez hiri elitista bat, pribatizatua, esklusiboa, eta interes partidista zein ekonomikoen pean dagoena. Partida hasi berri da" amaitu du.