Itxi

Politika

PP-ren kongresua

Feijook PP zuzentzeari uko egin dio; Casadok eta Margallok hautagaitza iragarri dute

Agentziak | Erredakzioa

Mariano Rajoy ordezkatzeko lehia ezustekoekin hasi da Alderdi Popularrean: Alberto Nuñez Feijook aukera horri uko egin dio eta Pablo Casadok hautagaitza aurkeztuko duela jakinarazi du.

  • Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE

    Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE

Alderdi Popularraren zuzendaritza hartzeko lehia ezustekoekin hasi da. Alberto Nuñez Feijoo zen hautagai nagusia Mariano Rajoyren tokia hartzeko, baina uko egin dio aukera horri, Galiziako Gobernuan legegintzaldia amaitzea lehenetsita. Aitzitik, Pablo Casado PPko Komunikazio arduradunak bere hautagaitza aurkeztuko duela iragarri du, izenen dantzan ez bazegoen ere.

Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Gobernuko presidenteak arratsaldean jakinarazi du legegintzaldia agortuko duela eta, beraz, ez dela sartuko Mariano Rajoy ordezkatzeko eta Alderdi Popularra zuzentzeko lehian.

Galiziako PPko zuzendaritzaren aurrean egin du iragarpena. Azken egunotan jende askorekin hitz egin duela eta erabakia hartzeko gogoeta sakona egin duela esan du.

"Ezin diet galiziarrei hutsik egin, neure buruari huts egitea izango litzateke", adierazi du hunkituta eta alderdikideen txalo artean.

Halaber, bera PPko presidente izendatuz gero, beragan konfiantza agertu duten milaka galiziarrei emandako hitza ez lukeela beteko eta hori koherentziarik gabe jokatzea izango litzatekeela esan du. "Eta ni gaur politikagintzan zerbait banaiz, herritar horien babesari esker da", erantsi du.

Nolanahi ere, Galiziatik Alderdi Popularraren alde lanean jarraituko duela agindu du, eta "PP aro berri honetan zuzentzeko gaitasuna duten pertsona asko daude", azaldu du.

PABLO CASADO PP

(Pablo Casado. Argazkia: EFE)

Eguneko bigarren ezustekoa Pablo Casadok eman du, Twitter bidez PP zuzentzeko hautagaitza aurkeztuko duela iragarrita. "Alderdi Popularraren Biltzarrean neure burua aurkeztea erabaki dut", idatzi du.

11:30ean agerraldia egin du Casadok PPk Genova kalean duen egoitzaren aurrean. Nabarmendu duenez, bere asmoa "PPrengan konfiantza galduta beste alderdi batzuetara, Ciudadanos edo VOX kasu, joan ziren boto-emaileak berreskuratzea da".

Casadoren hitzetan, "bada garaia" berak ordezkatzen duen belaunaldiak PPren buruzagitza hartzekoa, "ilusioa berreskuratzekoa".

Horren arabera, duela egun batzuk erabaki zuen aurkeztea, baina berak ordezka zezakeen proiektu baten zain egon da. Halakorik ez zegoela ikusita, hautagaitza aurkeztea erabaki du: "Afiliatuek ezin dute pentsatu ez dagoela inor alderdia zuzentzeko. Nik PP zuzendu nahi dut, ezin gara etorkizunaren zain egon, bila atera behar gara; nahikoa eman dugu herrestan".

Casado gazte hasi zen Alderdi Popularrean. 2007-2009. urteen artean diputatu izan zen Madrilgo Autonomia Erkidegoan, eta 2011tik diputatua da Kongresuan.

Azken hilabeteotan ika-mikaren erdian egon da Casado. Madrilgo Juan Carlos erregea Unibertsitatean lortutako masterrean ustez izandako irregulartasunak ikertzen ari da Cifuentes auziaren epailea.

Jose Manuel Garcia Margallo

(Jose Manuel Garcia Margallo Atzerri ministro ohia. Artxiboko argazkia: EFE)

Bestalde, Jose Manuel Garcia Margallok ere iragarri du Alderdi Popularra zuzentzeko hautagaia izango dela.

Espainiako Atzerri ministro ohiak azaldu du Rajoyk zuzendaritza uzteko erabakia jakinarazi zuenean denbora bat hartzea erabaki zuela inork haren lekua hartzeko bere burua aurkezten zuen ala ez ikusteko eta hautagairen bati bere babesa eman ahal zion pentsatzeko.

Ildo horretan, Feijook bere hautagaitza aurkez zezakeela uste zuela eta hari babesa emateko prest zegoela esan du. Alabaina, Feijook azkenean urrats hori emango ez duen susmoa daukala erantsi du, Galiziako presidenteak bere erabakiaren berri eman baino ordu batzuk lehenago.

Pablo Casadori dagokionez, Margallok esan du hautagai "oso ona" dela eta presidente berria izendatzeko aukera ezberdinak izatea alderdiarentzat onuragarria dela adierazi du.

Jose Ramon Garcia-Hernandez Kongresuko Kanpoko Arazoetarako Batzordeko PPren bozeramaileak eta Jose Luis Bayo Valentziako Belaunaldi Berrien presidente izandakoak ere aurkeztuko omen dute hautagaitza. 

Hautagaitzak aurkezteko epea asteazken honetan bukatuko da.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena