Politika -

EUSKO LEGEBILTZARRA

EAEko haurren % 10,4k pobrezia pairatzen dutela ohartarazi du arartekoak

Manu Lezertua arartekoak 2017ko jardueraren txostena azaldu du Eusko Legebiltzarrean, joan den martxoan ezagutarazi ostean.

Manu Lezertua arartekoa Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian. EFE
Manu Lezertua arartekoa Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian. EFE
Manu Lezertua arartekoa Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manu Lezertua arartekoak gaur Eusko Legebiltzarrean ohartarazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) haurren % 10,4k pobreziatik eratorritako gabeziak dituzte eta % 3,5k, ostera, egunerokoan oinetako egokiak izateko eta proteinak jateko zailtasunak dituzte.

Eusko Legebiltzarrean gaur egin den pleno monografikoan 2017. urteko jardueraren txostena azaldu du arartekoak. Aurrez, martxoan, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteari eman zion txostena, eta gaur xehetasunak eman ditu.

EAEko herritarrek arartekoaren aurrean aurkeztutako kexa kopuruak % 17 egin zuen gora iaz, aurreko urtearekin alderatuta. Guztira, 9.582 kexa jaso zituen arartekoak eta horietatik 829 Lanbiderekin, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarriarekin lotuta zeuden.

Arartekoak egiaztatu ahal izan duenez, hainbat sektoretan haurren eskubideen inguruko ezjakintasun handia dago. Zehazki, 2017an aurkeztutako kexen % 16k haurrei edo nerabeei eragiten zien. Bestalde, gizarte aurreratua den heinean Euskadin haurren pobrezia egotea salatu du.

ETAren amaiera gauzatu ostean, presoei aplikatzen zaien espetxe politika aldatzeko premia azpimarratu du arartekoak. Horrez gain, presoak euskal espetxeetara edota gertuko kartzeletara aldatzea, gaixotasun larriak dituztenak aske uztea eta kartzela onurak aplika daitezela aldarrikatu du. Halaber, pertsona guztien eskubideak errespetatuko dituen elkarbizitza eredu baten aldeko apustua egin du.

Indarkeria matxistaren gaia ere mahai gainean jarri du arartekoak, eta biktimei (emakumeak eta haurrak) eskaintzen zaien arreta hobetzera deitu ditu euskal erakundeak. Lezertuaren iritziz, biktimak salaketak jartzera animatzeko ezinbestekoa da euskal erakundeek kanal eraginkorrak bultzatzea. Horrez gain, gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala murrizteko eta emakumeak lan munduan duen parte-hartzea handitzeko "neurriak" hartzea eskatu die erakundeei.

Gizarte laguntzei dagokienez, iruzur kasuak berrikusitakoen % 1 baino ez direla nabarmendu du. Sistemaren funtzionamenduak hobera egin duela azpimarratu arren, Lanbideren, gizarte zerbitzuen eta Etxebizitza Sailaren arteko kolaborazio handiagoa aldarrikatu du.

Migratzaile eta errefuxiatuei lotuta, Eusko Jaurlaritzaren harrera programa eta gizarte arloko euskal erakundeek egiten duten ahalegina balioetsi ditu. Hala eta guztiz ere, haren esanetan, euskal gizartearen erronka migratzaile eta errefuxiatuen integrazioa erraztea da, "diskriminaziorik gabe".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Ararteko berriak Albisteak Gaur Eguneko albisteak