Politika -
Bihar batzartuko dira
Eskualdatzeke dauden 37 eskumenak transferitzea eskatuko dio Urkulluk Sanchezi
Lehendakaria eta Espainiako Gobernuaren presidentea astelehen honetan bilduko dira. "Salbuespenezko" kartzela politikaren aldaketaz ere hitz egingo dute.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakaria bihar bilduko da Pedro Sanchezekin, eta Gernikako Estatutuan dauden eta oraindik transferitu ez diren 37 eskuduntza emateko egutegia eskatuko dio, baita "salbuespenezko" kartzela politikarekin bukatzea ere.
Espainiako Gobernuko presidenteak autonomia erkidegoetako buruekin izango dituen lehenengo bilera izango da astelehenekoa.
Biek telefonoz hitz egin zuten elkarrekin Sanchezek kargua hartu ostean. Gainera, EAJ eta PSEren arteko harremana ona da, biek elkarrekin gobernatzen baitute euskal instituzioetan.
Eusko Jaurlaritzak EAEra transferitzeke dauden 37 eskuduntzak biltzen dituen dokumentua helarazi dio Espainiako Gobernuari. Mariano Rajoyk ere jaso zuen, baino ez zuen Transferentzien Batzorde Mistoa deitu.
Kartzela politikaren aldaketa ere izango dute hizpide.
Eusko Jaurlaritza euskal presoak Euskal Herrietako edo gertuko presondegietara hurbiltzearen alde dago. Sanchezen arabera, bestalde, “bistakoa” da, ETAren desegitearen ostean, kartzela politika “desberdina” hartu behar dela.
Ahal Dugu Euskadik esan du EAJ 'subiranotasun-agenda bat ixten' ari dela EH Bildurekin
Lander Martinez Ahal Dudu Euskagiko idazkari nagusiak Iñigo Urkullu lehendakariak astelehen honetan Pedro Sanchezekin duen bileran egingo duen autogobernuari buruzko planteamendua ezagutzea eskatu du, eta EAJ EH Bildurekin "subiranotasun-agenda bat ixten" ari dela azaldu du.
Martinezek Portugaleten (Bizkaia) parte hartu du, alderdiko karguei kontuak emateko egun batean, eta Gernikako Estatutua osorik betetzea Ahal Dugu Euskadik "Legebiltzarreko ekimenen bidez" egindako eskaera bat dela esan du, beraz, positibotzat jo du "mahai gainean jartzea".
Halere, lehendakariak Espainiako Gobernuko presidentearen aurrean “zein agenda mota” proposatzen duen ikustea eskatu du. "Uneotan", EAJ "EH Bildurekin subiranotasun-agenda bat ixten ari delako, eta identitate ibilbide-orria jartzen, autogobernuari dagokionez", esan du.