Politika -
Kartzela-zigorren murrizketa
408 preso atera dira espetxetik Zigor Kodearen erreformaren ostean
Gehienak droga-delituengatik zigortuak izan ziren. Delitu horiek 3 eta 9 urte arteko espetxealdiarekin zigortzen ziren lehen, eta hemendik aurrera, gehienez, 6 urtekoak izango dira.
Erredakzioa
400 preso baino gehiago aske utzi dituzte ostegun honetan Zigor Kodearen erreforma indarrean sartu ostean; gehienak droga-delituengatik zigortuak izan ziren. Zigor Kode berria gaur sartu da indarrean eta droga-trafikoko delituentzako zigor txikiagoak aurreikusten ditu.
Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi duenez, 408 preso aske uzteko agindua jaso dute gaur. Banan bana aztertu ostean, presoari hoberen egokitzen zaion Zigor Kodea ezarri zaio.
Erreforma horrekin droga-trafiko delituengatik lehen ezarritako zigorra, 3 eta 9 urte artekoa, 6 urtera gehienez jaitsi da.
Lehen orduan atera diren 408 presoetatik, 61 Andaluzian izan dira, Aragoin 34, Asturiasen bat, Balearretan 14, Kanarietan 37, Kantabrian hiru, Gaztela-Mantxan bederatzi, Ceutan bat, Galizian 40, Errioxan bat, Madrilen 107, Murtzian sei, Nafarroan bat, Euskadin sei eta Valentziako Erkidegoan 39. Datu hauetan ez daude Kataluniakoak, horrek espetxe-eskuduntza propioa baitu.Zigor horien berrikustea ez da modu automatiko batean egin, baizik eta, zuzenbideko iturrien arabera, dagozkion epaile eta fiskalek gainbegiratu dute.
Zigor Kode berriak Botere Judizialaren Kontseilu Orokorraren, Kontseilu Fiskalaren, Estatuko Kontseiluaren eta Auzitegi Gorenaren eskaintzak batu ditu. Horien ustez, "droga garraiatzen dutenen eta droga sareak zuzentzen dituztenen artean bereiztu behar da".