Politika -

Elkarrizketa ETBn

ETAri buruzko 'erabaki bat' eskatu dio Mendiak ezker abertzaleari

Jaurlaritzaren bozeramaileak uste du presoen kolektiboak bere papera jokatu behar duela ezker abertzalearen eztabaidan, baina ez du "inolako berritasunik" ikusten azken agirian.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du ezker abertzaleak "erabaki bat" hartu beharko duela ETArengandik behin betiko aldentzeko, eta erabaki horretan bere papera jokatuko duela presoen kolektiboak. Gainera, ETAren eta ezker abertzalearen estrategia "interes mediatikoa inora ez daramaten pauso txikietan" mantentzea dela esan du.

ETBn egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, "mundu osoak dio ezker abertzalea demokrazian aritzeko pausoak ematen ari dela eta hori berria da, eta herriaren mesederako izatea espero dugu, nahiz eta zuhurrak izan behar dugun, ETArengandik datozkigun albisteek kontrakoa baitiote".

Patxi Lopezen Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu du Euskadin "indarkeriaren amaiera urrun baino gertuago dagoela", baina herritarrak ere zuhur jokatzen ari dira "ezker abertzalea egiatan ari den edo berriro engainatuko gaituen" zalantza dago eta.

"Ikusteko dago egiazkoa den ala ez. Pausoak ematen ari dira, ez dituzte denak eman, eta argi dago erabaki bat hartu behar dutela. ETAri indarkeria baztertzeko esaten diote edo ETArengandik bereizten direla esaten dute publikoki", azpimarratu du buruzagi sozialistak.

Bestalde, euskal presoen kolektiboak (EPPK) gaur argitaratu duen gutunean ez dagoela "berritasunik" uste du.

Hala ere, "ezker abertzalearen baitan dagoen eztabaidan kolektibo horrek bere papera" izan behar duela iritzi dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea