Politika -
Katalunia
Mas Gobernua osatzen ari da, karguaren zina egingo duen egunean
Mascarell sozialistak baietza eman dio Kultura kontseilari izateko Artur Masek egin zion eskaintzari eta CiUren Governeko kide izango da.
Erredakzioa
Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidente hautetsiak karguaren zina egingo du gaur, Gobernua oraindik osatzen ari bada ere.
Ferran Mascarell Pasqual Maragallen Governeko Kultura kontseilariak baietza eman dio Artur Masen eskaintzari eta Kultura kontseilari izango da CiUren Gobernuan, CiUko iturriak aipatuta Efek jakitera eman duenez.
Artur Masen Gobernuan sartzea albiste garrantzitsua da, izan ere, Bartzelonako Udaleko Kultura kontseilari ere izan zen hautagai sozialista eta Bartzelonako alkate izateko hautagai ere izan zitekeela zabaldu zen.
Ostegun eta ostiral artean, Kataluniako Parlamentuak preside izendatu eta gero, bere Gobernuko kontseilarien erdiak adostu zituen, baina oraindik Sail batzuk hutsik ditu.
Horietako bat Enpresa eta Enplegu Kontseilaritza da (Industria, Merkataritza, Kontsumo, Turismo, Energia eta Lan esparruak batuko dituena). Besteak beste, Sixte Cambra enpresaburuaren eta Carlos Losada ESADEko zuzendari nagusien izenak ditu Masek mahai gainean, baina baliteke azkenean alderdi barruko norbait izendatzea, Imma Romero diputatua, kasu.
Masek promestu du ez dituela bere Gobernuko kideak baieztatuko karguaren zin ekitaldia bukatu arte. Horrenbestez, baliteke gaur arratsaldean bertan edo bihar egitea iragarpena.