Politika -
eusko legebiltzarra
Legebiltzarreko Segurtasun buru ohiaren jokabidean ustelkeria zantzuak ikusi dituzte
Arabako fiskalburuak epaileari igorri dion txostenaren arabera, hiru delitu lepora dakizkioke Segurtasun arduradun ohiari: diru publikoa bidegabe erabiltzea, dokumentuak faltsutzea eta iruzurra.
agentziak | errredakzioa
Eusko Legebiltzarreko Segurtasun arduradun izandakoaren jokabidean ustelkeria zantzuak atzeman ditu Josu Izagirre Arabako fiskalburuak. Kasuari buruz berak egindako txostena epaileari igorri dio, ikerketarekin jarraitu dezan.
Fiskalaren arabera, Legebiltzarreko auto ofizialen gastuak ordaintzera bideratutako kreditu txartelak oker erabili zituen Segurtasun buru ohiak, eta, hori dela eta, hiru delitu lepora dakizkioke: dokumentuak faltsutzea, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta iruzurra.
Eusko Legebiltzarrak ekainaren 7an kargugabetu zuen orduko Segurtasun arduraduna, erakundeko kreditu txartelak modu okerrean erabili zituelakoan, eta auzia Arabako Lurralde Auzitegiko Fiskaltzaren esku utzi zuen.
Eva Blanco EH Bilduko Legebiltzarkideak salatu zuen kasua Gasteizko Ganberako Mahaian, aztertu zituen hainbat fakturatan irregulartasunak zeudela iritzita.