Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Rubalcaba: 'Hilketen urteak ez dira bi agirirekin amaituko'
Barne ministroak uste du Otegiren hitzak ez direla "berriak", azken asteotan eta hilabeteotan "antzerako adierazpenak" egin dituelako.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro eta lehen presidenteordeak oharra igorri dio Arnaldo Otegi Batasunaren bozeramaile ohiari: ETAren "izugarrikerien hamarkadak ez dira bi edo hiru agirirekin amaituko".
Radio Euskadiren ''Boulevard'' saioan egin dioten elkarrizketa batean, Rubalcabak ezker abertzalearen buruzagiari egunkari estatubatuar batek egindako elkarrizketa izan du hizpide. Bertan, ETAk "indarkeria utzi eta estrategia baketsu baten bidez euskal estatu independentea sortzeko" asmoa duela azaldu du kartzelan dagoen Otegik.
Rubalcabaren esanetan, Otegiren hitzak "ez dira berriak", izan ere, azken asteotan eta hilabeteotan "antzerako adierazpenak" egin omen ditu. Gainera, "kontuan izan behar da hamarkadetan egin dituen izugarrikeriak, hilketa asko tarteko, ezin direla bi edo hiru adierazpenekin amaitu", azpimarratu du buruzagi espainiarrak.
Hori dela eta, "adierazpenetatik egietara pasatzeko garaia da, utz dezatela dagoeneko indarkeria", aldarrikatu du ministroak.
"Hori da espero duguna, ETAk bere amaieraren berri ematea, eta bien bitartean, adierazpenen joko honi zentzuzko isiltasuna dagokio", adierazi du.
ETAk adierazpenik egiten ez badu, "hori hausnartzen ibiliko omen delako da", gaineratu du. Horren esanetan, isiltasun horrek ez du esan nahi ekintzarik burutzen ez dutenik, izan ere, "orain dela astebete, lapurreta bat izan da euren gabonetako oparia, eta hori ez da bisita-txartel onena".
"Hor jarraitzen dutenaren seinale da. ETAk borroka armatua utzi nahi duela uste dute batzuk, eta zaila da borondate hori eta lapurreta bateragarriak egitea. Horregatik, ez da onena", azpimarratu du.
"Uneoro agiria" hizpide izatearen eta "tankera honetako propaganda" egitearen aurka dagoela esan du ministroak. "Itxaron eta ikusi, horren alde nago. Gutxi ikusi eta asko behatu", zehaztu du.