Politika -
1976an Gasteizen gertatutakoak
Martxoaren 3ko biktimak Europako Parlamentuan izango dira asteazkenean
Elkarteko bi ordezkarik agerraldia egingo dute Bruselan, eta Espainiari 'egia, justizia, ordaina' bermatzea eskatzeko deia egingo diete Ganberako kideei.
Agentzia | erredakzioa
Martxoak 3 elkarteak agerraldia egingo du asteazkenean Europako Parlamentuko Eskarien Batzordean, 1976an Arabako hiriburuan Poliziak hildako bost langileen auzian Espainiako Gobernuak eduki duen jarrera salatzeko.
Elkarteak ohar batean azaldu duenez, Europako erakunde horri eskatuko diote dei egin diezaiotela Espainiako agintariei auzian biktimek eskatutako "egia, justizia, eragindako kaltearen ordaina eta berriro gertatuko ez den bermea" ematea.
Andoni Txasko eta Nerea Martinez elkarteko kideak izango dira Batzordean azalpenak ematen. Aurreratu dutenez, Europako diputatuei eskatuko diete "aldera" ditzatela Europako Kontseiluak, NBEk eta 'Memoria Aktibo bat' delako egitasmoak emandako aholkuak eta Espainiako Gobernuak memoria historikoaren inguruan jarraitutako politikak.
Horrez gain, Europako erakundeei dei egingo diete Espainia bultzatzera, horrek bere politikak nazioarteko estandarretara molda ditzan.
Aurrena, elkarteko kideek euren argudioak azalduko dituzte; gero, Europako parlamentariek euren iritzia eman, eta azkenik, Martxoak 3 elkarteko proposamenaren inguruan erabakia hartuko dute.
Elkarteak 2015eko martxoaren 3an aurkeztu zuen batzorde horretara joateko eskaera, eta uztailean beste hainbeste egin zuten Izaskun Bilbao (EAJ) eta Josu Juaristi (EH Bildu) babesarekin. Eskaria 2015eko abenduan onartu zuen Ganberak, eta ia hiru urte geroago egingo dute.
Martxoak 3 elkartea "itxaropentsu" agertu da "inpunitatearen eta ahaztuaren kontrako euren borrokan emandako pauso honekin". Nabarmendu dutenez, 42 urte daramatzate borrokan, "justizia eskatzen, inpunitatea lege duen eredu espainiar batek ateak ixten" zizkien bitartean.
Elkartearen iritzian, nazioarteko bidea "salaketa bide eraginkorra" da, geldoa bada ere. Era berean, espero dute asteazkeneko agerraldi horrekin "Espainiako Estatuko aparatuek hamarkadatan egindako indarkeriaren biktimek jasandako diskriminazio lotsagarria behin betiko amaitzea".
Elkarteak gogorarazi duenez, agerraldia zuzenean jarraitu nahi duenak Europako Parlamentuaren webgunean egin dezakeela.