Politika -
Kanpo harremanak
Jaurlaritzak High Level Political Forumen parte hartu du New Yorken, NBEk antolatuta
Mundu osoko 47 herrialde bildu dira, eta 2030 Agendaren aplikazioari buruzko lidergo politikoa, orientabidea eta gomendioak eskaintzea espero da onartzekoa den adierazpenean.
agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza batek Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia buru zela High Level Political Forum biltzarrean parte hartu du, New Yorken. Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendaren jarraipena egiteko eta aztertzeko Nazio Batuen Erakundeak (NBE) antolatutako topaketa izan da.
Horrela, Eusko Jaurlaritzak biltzarreko hainbat ekitalditan hartu du parte. Bertan, Elorzak gobernantza kontzeptuaren garrantzia eta herritarrengandik hurbilen dauden administrazioen konpromisoa azpimarratu ditu.
High Level Political Forum biltzarrak mundu osoko 47 herrialde bildu ditu NBEren New Yorkeko egoitzan, uztailaren 9an hasi eta asteazken honetan amaituko den topaketan. Foroak Ministro Adierazpen bat onartuko du. Adierazpenak 2030 Agendaren aplikazioari buruzko lidergo politikoa, orientabidea eta gomendioak eskaintzea espero da.
Halaber, aurten, lehen aldiz, NBEak ekitaldi berezi bat prestatu du Toki eta Eskualde Gobernuentzat. "Horrek garapen iraunkorreko helburuak zinez aplikatzeko erakunde horiek duten garrantzia erakusten du", nabarmendu du Jaurlaritzak.