Politika -
1936 eta 1978 urteen artekoak
Jaurlaritzak udazkenean aurkeztuko du giza eskubideen urraketen txostenaren atarikoa
Jonan Fernandez Giza Eskubide eta Bizikidetza idazkariak aurreratu duenez, ikerketak agerian utzi du hildako kopurua uste zena baino handiagoa dela.
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzak udazkenean aurkeztuko du '1936-78 giza eskubideen urraketen oinarri-txostena'ren lehen balantzea, Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak asteazken honetan iragarri duenez.
Fernandezen esanetan, Gerra Zibilean Euskadin hildakoen kopurua orain arte uste zena baino handiagoa dela argitu du "hildakoen kopurua eta identitatea" ahalik eta zehatzenen ezagutzeko Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Aranzadirekin batera egin duen ikerketak. Halaber, artxiboak, erregistro zibilak eta parrokietako artxiboak ere arakatu dituzte.
Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza idazkariak "Gorputz deserosoak" izeneko biltzarraren inaugurazioan egin du iragarpena. Biltzarra gaur eta datorren larunbatean egingo da Donostiako Miramar Jauregian, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Udako Ikastaroen baitan.
Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluak (CSIC), Gogora Institutuak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatutako ikastaroa dela-eta mundu osoko adituak bilduko dira Donostian, eta hainbat tokitan hobi komunetatik gorpuak lurpetik ateratzeko prozesuak aztertuko dituzte.
Jonan Fernandezen esanetan, nazioarteko topaketa honen helburua "begirada altxatzea" eta munduan, giza eskubideei lotuta, hobitik gorpuak ateratzeko dauden joera nagusiak eta kasu esanguratsuak aztertzea da. Aldi berean, horietatik ikaskuntzak ateratzeko ahalegina egin nahi da, "gure testuinguruan" aplikatzeko.
Haren iritziz, dimentsio teknikoari eta zientifikoari heltzeaz gainera, oinarri etikoaren inguruan ere hausnartu behar da; gorpuak hobitik ateratzeko kasuan, zergatik, zertarako eta nola egiten den. "Egiten dugun guztiak ikuspegi bikoitz argia izan behar du: ez du balio behar biktimismoa elikatzeko; ordea, biktimek eta beren familiek jasan zuten biktimizazio bidegabetik askatzeko balio behar du. Egia bilatzeko eta aurkitzeko bideak prozesu askatzailea izan behar du, argitsua eta pozgarria", esan du, amaitzeko.