Politika -
Legealdiaren balantzea
Barkos, Nafarroako hauteskundeetan hautagaitza errepikatzeko prest
"Ekonomian eta gizartean Nafarroa indartsuago bat eraikitzen ari gara gaur", esan du Foru Gobernuko presidenteak, "indar eta pasioarekin", berriz Nafarroako burua izateko.
Agentziak | Erredakzioa
Uxue Barkos, Nafarroako Gobernuaren presidentea, prest azaldu da, "indar eta pasioarekin", hauteskundeetan bere hautagaitza errepikatzeko eta Parlamentuan adostasunak bilatzeko. Barkosentzat, laukoan aurkitutako "egonkortasuna" Nafarroa hobetzeko gakoa izan da.
Gobernua babestu duen laukoaren inguruko hitzarmena PSNri zabaltzeari buruz galdetuta, Barkosek onartu du lortutako "egonkortasuna kaudimenez lan egiteko guztiz beharrezkoa" izan dela, eta bere "desira" berrestea dela, lehenik lau indar horiekin, baina sozialistekin batera osatutako "gehiengo progresista" bat ere ona litzatekeela ukatu gabe.
Presidenteak gobernuko lanaren balantze ona egin du. "Kritika politikoari erantzuten dioten" datu ekonomikoek babesten dute gobernuaren lana. Presidenteak ez du "argi-ilun" batzuk daudenik baztertzen, eta "lanpostu gehiago eta kalitatezkoak" sortzea jarri du erronkatzat.
"Pozik egoteko arrazoiak daude nafar guztientzat, datuek hitz egiten duelako", esan du presidenteak. Barkosek legealdiko lehen hiru urteetako balantzea egin du, abertzaleak ez diren boto-emaileen ustezko atsekabea txikiagotuz.
"Ekonomian eta gizartean Nafarroa indartsuago bat eraikitzen ari gara gaur", esan du. "Elkarrekin bizitzea, eraikitzea eta aurrera egitea” izan dira lan honen ardatzak, esan duenez, eta Parlamentuan aurkitutako gehiengoaren "egonkortasuna" goraipatu du.
Gobernu berriarekin "apokalipsi ekonomiko bat etorriko zela iragartzen zutenei" erantzun argia eman die; izan ere, gobernu berriak orain kritikatzen dutenen "gelditasuna" gainditu du.
Bere Gobernua Nafarroako kontuak "onbideratzeko" lan egin duela esan du Barkosek, orain dela hiru urte baino 10.856 langabetu gutxiago dagoela azpimarratuz. Azpiegituretan, inbertsioa 2015ean 660.000 eurokoa izatetik 2018an 11 milioitik gorakoa izatera pasa dela esan du.
Gainera, Nafarroak Estatuari ematen duena eguneratzeko egindako lana azpimarratu du, bien arteko "hitzarmenaren irakurketa berritzaile" batean eta "zorra negoziatzeko lan zorrotza". Horrek aurrekontuetan urtero 400 milioi euro gehiago sendotzea ahalbidetu du.