Politika -
PPren Kongresua
PPko konpromisarioak bozkatzen ari dira, Saenz de Santamaria ala Casado hautatzeko
3.082 konpromisarioek aukeratu behar dute nor izango den hemendik aurrera popularren liderra. Erabakia 13:00ak jota emango dute jakitera.
Agentziak | Erredakzioa
PPko 3.082 konpromisarioek erabakiko dute, larunbat honetako arratsaldeko lehen ordurako, nor izango den alderdiko lider berria, Soraya Saenz de Santamaria ala Pablo Casado. Bi hautagaiek konpromisario horien aurrean hitz egin dute, Kongresu Nazionalean, botoa eskatzeko eta azaltzeko zein programa jarriko duten martxan garaile ateratzekotan.
Saenz de Santamaria: "Leialtasun bakarra eskatuko dut: PP eta Espainiarekikoa"
Zozketak hala erabakita, Soraya Saenz de Santamariak hartu du hitza, lehenengo; hitzeman du batasuna bultzatuko duela, irabazten badu, eta nabarmendu du leialtasun bakarra galdegingo duela: PPrekiko leialtasuna, alegia. Saenz de Santamariak aurreratu du Fatima Bañez ministro ohia proposatuko duela PPren idazkari nagusia izateko, eta, halaber, adierazi du Mari Mar Blanco, Jose Luis Ayllon eta Iñaki Oyarzabal izango direla bere taldean, besteak beste, garaipena lortuz gero.
Saenz de Santamariak, halaber, esan du Pablo Casadoren hautagaitzan sartuko zela, berak eskatu izan balio eta botorik gehien izan duen hautagaia izan ez balitz. Ildo horretan, azpimarratu du Batzorde Exekutibo Nazionaleko izendapen libreko bost postuak "integraziorako" utziko dituela; izan ere, estatutuek aukera hori ematen diote, hautagaitzan izen horiek ez aurreratzea.
"Taldea gara, duela hilabete taldea ginen eta taldea izaten jarraitzen dugu; ez dut galdetu eta ez dut galdetuko, inori ere ez, noren alde zegoen; alderdiarekiko eta Espainiarekiko leialtasuna eskatuko dut, hori bakarrik, eta PPren alde eta herrialdearen alde lan egiteko gogoa".
Hautagaiak nahi du PPk eskuina eta zentroa ordezkatzea; haren iritziz, abaniko bat bezalakoa da alderdia, "trinkoa, bere buruarengan gordeta dagoenean, baina handia eta irekia zabaltzen denean".
Argazkia: EFE.
Casado: "Nire egitasmoan, inork ez du galduko"
Gerora, Casadok aldarrikatu du bere hautagaitza dela benetako batasunarena eta integrazioarena, ez Soraya Saenz de Santamariak proposatzen zuen zerrenda bakarrekoa; izan ere, batasun eta integrazio hori "belaunaldi-, lurralde- eta ideologia-mailan" gauzatuko du.
Hitzaldian, Casadok nabarmendu du bere egitasmoan "inork" ez duela galtzen; ideologiari dagokionez, PSOEren eskuinean dagoen denak du lekua, bai eta hainbat ezkerraren aldeko ere: "Badakite askoz hobeto kudeatzen dugula, Gobernuan gaudenean", adierazi du.
Berretsi du bere proiektua berriztatzailea dela, eta PPren gizarte-oinarria handitu behar dela, "ateak eta leihoak zabalduz". Alderdiaren historiaz harro egoteko deia egin du; izan ere, haren esanetan, ezin du horren liderra izan iragan hori aldarrikatzen ez duenak.
Casadoren taldean Teodoro Garcia Egea kanpaina-zuzendaria egongo dira, bai eta Javier Maroto eta Andrea Levy ere; Maria Dolores de Cospedalen hautagaitzari babesa eman dioten lau ministro ohi ere izango dira: Dolors Montserrat, Juan Ignacio Zoido, Rafael Catala eta Isabel Garcia Tejerina.
Argazkia: EFE.
Gaur, erabakia
Alderdi Popularraren XIX Nazio Kongresuan dauden konpromisarioek gaur erabakiko dute nor izango den PPren lider berria; hau da, Soraya Saenz de Santamariaren alde ala Pablo Casadoren alde egin beharko dute, xede izanik Mariano Rajoyren ondorengoa hautatzea; arratsaldeko lehen orduan emango dute jakitera nork ordezkatuko duen Rajoy PPren buruzagi-karguan.
Rajoy bera izan zen ostiral honetan Kongresuaren lehen eguneko protagonista; izan ere, denek goraipatu zituzten haren lana eta ibilbidea. Konpromisarioek omenaldia egin zioten.
Espainiako presidente ohiak hitza hartu zuen, baina ez zuen egin Saenz de Santamariaren ala Casadoren alde; leialtasuna izango duela hitzeman zuen, eta ardura eskatu zien PPko kide guztiei.
Hitzaldian, bere gestio ekonomikoaren alde egin zuen; halaber, defendatu zuen nolako erabakiak hartu zituen bere garaian Katalunian, bai eta terrorismoaren aurka egindako lana ere. Baieztatu zuen, gainera, ez duela alderditik alde egingo.
"Pausoa alde batera egin dut, baina ez dut ospa egingo", esan zuen Rajoyk; haren iritziz, espainiarrak, hurrengo hauteskundeetan "berriro PPren babesaren bila" izango dira, haien botoekin.
Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak, aldiz, esan zuen "kontzientzia garbi duela" doala, "kobratzeko moduko konturik gabe"; De Cospedalek nabarmendu zuen beti izan dela zintzoa PPrekin eta Rajoyrekin.