Politika -
katalunia
Deklaratzera deitu dute Viceko gurutzeen aurka egin zuen gidaria
Autoa plazan sartu zen, dozenaka pertsona bertan zeudela, eta hainbat gurutze hori bota zituen, abiadura handian alde egin aurretik.
agentziak | erredakzioa
Viceko Udaltzaingoak (Barzelona) herriko plazan -oinezkoentzako gunean- jarrita zeuden preso politikoen aldeko gurutzeen aurka talka egin zuen gidaria identifikatu du, eta deklaratzera deitu dute.
Hala adierazi du Anna Erra Viceko alkateak Twitterren. Txioan, Udaltzaingoaren eta bizilagunen lana eskertu du, "informazioa eman eta babesa helaraztearren".
Erraren iritzian, "pertsonen segurtasunaren eta adierazpen askatasunaren aurkako gertaera gaitzesgarria" izan da.
Ekintzaile independentistek preso politikoak askatzeko plazan jarri zituzten gurutze horien aurka egin zuen gidariak larunbatean, plazan oinezkoak baino ezin dira sartu. Gertaera horren aurretik, gurutze horien aurkako beste hainbat ekintza ikusi dira independentziaren aurkako zenbait pertsonen partetik, hala nola, hondartzetan eta bestelako eremu publikoetan.
Autoa plazan sartu zen, bertan dozenaka pertsona zeudela, eta gurutzeen aurka egin zuen, plazatik abiadura handian alde egin aurretik.
Victor Martorell gidariaren abokatuak motibazio ideologikoa ukatu du, eta erasotzailea tratamendu psikologikoan dagoela ziurtatu du.
Martorell ofiziozko abokatua da auzian. Viceko Udaltzaingoaren polizia-etxean deklaratzera deitu dute goizean. Deklaratzeari uko egin dio. “Jota zegoen. Zer pasatu ote den azaltzen ez daki”, azaldu du abokatuak.
Gidariak inongo gorrotorik ez duela ziurtatu du abokatuak, eta mugimendu independentistarenganako ezinikusia “erabat” baztertu du.
Abokatuaren hitzetan, gidariak “ezin izan zion bultzada bati eutsi”. Zirkulazio-segurtasunaren aurkako delitu bat leporatu diote.
Martorellen esanetan, argiketa ixten denean epaitegiak deklaratzera deitu beharko du, eta orduan bai deklaratuko du. Era berean, txosten medikoak aurkeztuko dituztela iragarri du abokatuak.